San Inazio jaiak indarrez beterik datoz
Bedarona, Forua, Laida eta Ondarroa herriko jaiak ospatzear daude eta apustu berritzailez beteriko egitarauak antolatu dituzte aurten.
Uztail bukaerak Busturialdeko eta Lea-Artibaiko lau herrientzat berebiziko garrantzia du. San Inazio jaiak direla eta, herritarrek berritasunez eta apustuz beteriko egitarauez gozatzeko aukera izango dute. Beti bezala, adin guztientzat ahalbidetu dituzte egitarauak aurten ere, ohikoak diren kontzertuez gain, txikienentzako ere jolasak edo ikuskizunak bideratuz.
Bedaronan, adibidez, martitzenean eta eguaztenean giroz beteriko egunak izango dira. EH Sukarra ekartzearen apustua egin dute, eta horren garrantzia azpimarratu du Jai Batzordeak: «Auzo txiki bat izanda, kontuan hartzekoa da. Aurreko urteekiko aldaketaren muina da». Ume eta gaztetxoentzako jolasak ere badaude, eta urteroko herri bazkariaz gain, DJ Xaiborren emanaldiaz gozatzeko aukera ere izango da auzoan. Ohikoa den moduan, Mus Txapelketa egongo da aurtengo jaietan ere. Lau sari izango dira jokoan: 400 euro, 300 euro, 200 euro eta 100 eurokoak.
Berdintasuna eta askatasuna, iturri. Foruan, lau egun iraungo dute jaiek. Gaur hasiko dira eta, bihar eta etziz gain, San Inazio egunean ere egongo da jai giroa herrian, egunean zehar, hain zuzen ere. Gaur eta bihar, Ziraun, Kaleko Urdangak eta Arkada Social zuzenean ikusteko aukera izango da, besteak beste. Euskal dantzez, jolasez eta paellez osatuko dira gainontzeko egun horiek. Herriko nagusiei omenaldia ere egingo diete domeka honetan, Foruko tabernan, 15:00etatik aurrera. Gaztetxoek ere izango dute bere tokia Foruko saninazioetan, puzgarriak, tailerrak eta herri kirolak izango baititutzte, besteren artean. Mikel Magunazelaia alkateak jaien oinarria argi eta garbi adierazi du: «Berdintasunean eta askatasunean oinarritutako jaiak izan daitezela nahi dugu, eta herritarrek hori jakitea oso garrantzitsua da».
Ondarroan, Koxkorra, Torrepe eta Txanpa tabernek antolatuta, bihar eta eguaztena izango dira Dorrepean ospatuko diren San Inazio jaien testigu. Ohikoa mus txapelketa egongo da aurten ere. Horretan parte hartzeko, bihar, 15:30ean Koxkorran zabalduko dute izen ematea, bikoteko 20 euro ordainduz, eta lau saridun izango dira. Sardina erreak dastatzeko aukera ere egongo da, eguaztenean. Musikak girotuko ditu jaiegun biak, batik bat, DJ Zirkin erromeriaren eta Miren Amuriza eta Ion Maia bertsolarien eskutik.
Ibarrangeluko Laidan bi eguneko egitaraua prestatu dute. Martitzenean, Beti Jai fanfarreagaz edo Eingo taldeagaz batera, trikipoteoaz gozatzeko aukera egongo da arratsaldean zehar. Eguaztenean, berriz, goizean zehar izango dira ekimenak. 12:00tan mezan elkartu ostean, Laidako saninazioei bukaera emateko, Lorea Ume Dantza Taldearen emanaldiagaz disfrutatu ahal izango da.