Laidako hondartza aldarrikapenez beteko dute abuztuaren 4an
Abuztuak 4an [domeka] Hego Euskal Herriko 6 hondartzetan elkartzeko deia egin dute Sare eta Etxeratek. 6 hondartza horretariko bat, Ibarrangeluko Laida hondartza izango da.
Aurten, lehenengo aldiz, urtero Etxeratek antolatu ohi duen hondartzetako mobilizazioa Sare Herritarrarekin batera antolatu dute. Uztailaren 25ean Donostian egindako prentsaurrekoan antolatzaileek adierazi zutenez, “elkarlanean guztion ardura baita euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua gauzatzeko lanean jardutea”.
Kantauri itsasoko kostalde zabalean luzatuko dute “gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra”. Beraz, abuztuaren 4an eguerdiko 12:00etan, Euskal Herriko beste bost hondartzekin batera, Laida hondartzan batzeko deia egin dute. Lekeitio, Bakio, Mutriku, Orio eta Donostia dira deia egin duten beste hondartzak. Kasuan kasu, Ibarrangeluko Laidako kanpinaren aurrean izango da hitzordua, 12:00tan.