Emakume Korrikalarien Taldea, irailean martxan Bermeon
Irailaren 21ean hasiko den eta emakumeak ariketa fisikoa egitera animatzen dituen proiektu berria sustatu du Bermeoko Udaleko Kirol Sailak.
Emakume oro kirola egitera animatzeko helburupean sortu du proiektu hau Bermeoko Udaleko Kirol Sailak. Partaideen arteko harremanak sortu eta zabaltzea ere izango du xede, kirol saileko arduradunek adierazi dutenez: “Etxeko, familiako edo laneko esparrutik atera eta euren burua zaintzeko, eta taldearen berotasuna sentitzeko balioko du proiektuak”.
Parte hartzaileek korrikan eta kirolean aditua den pertsona bat izango dute bidelagun, entrenamenduetan laguntzeko eta mota guztietako gomendioak emateko. Emakumeei “baliabideak emanez autonomia lortzeko” egingo dute dute lan adituek, “gura dutenean korrika egitera joan daitezen”.
Kirolaren garrantziaren berri ere emango zaie parte hartzaileei, eta nola ez, horretarako lanabesak ere emango zaizkie. Lasterketen eta txapelketen munduan hastea “euren esku” egongo da, eta etorkizunera begira, kirol sailak talde egonkor bat osatzea aurreikusten du. Irailaren 21ean izango da lehen saioa, goizeko 10:00etan. Korrika teknikez gain, HIT saioak ala TRX saoiak ere uztartuko ditu proiektuaren egitarauak. Alegia, hasi eta urtarrilera bitarterako programatutako saioak honako hauek izango dira:
Irailak 21: Lasterketa teknika.
Urriak 21: Saio aerobikoa.
Urriak 26: Indar saioa kalean.
Azaroak 16: HIT saioa.
Abenduak 14: Indar lana TRX-arekin.
Urtarrilak 11: Bermeoko Herri Lasterketako ibilbidea.
Urtarrilak 26: Bermeoko Herri Lasterketa.