Ohiko autobus zerbitzua berreskuratzeko borrokan
Mundakako herritarrak eta udal gobernu taldeko kideak Portuko Iturrian elkartu ziren iragan domekan [uztailak 21], 13:00etan, Bizkaibus zerbitzua herrigune barruko Goiko kaletik pasatu dadila eskatzeko. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak zeharbideko geralekura tokialdatu du autobus zerbitzu erregularraren kokagunea, eta neurri horrek ezinegon handia sortu du mundakarrengan. Hain zuzen ere, herritarrek Autobusa Herritik Taldea sortu dute, aldundiari “benetako konponbideak” eskatzeko. Ez hori bakarrik: herritarrak aldundiaren Bilboko egoitzara joan ziren, elkarretaratzea egitera, eta sinadura bilketa ere abian dute.