Muruetako Tomas iturrirako irisgarritasuna hobetzeko lehen fasea amaitu dute
Muruetako Udalak abiatutako Larrabe auzoko Tomas iturri inguruko bideak hobetzeko proiektuaren lehen fasea amaitu dute jada.
Irisgarritasunagaz eta segurtasunagaz konprometitutako Udala izanik, Tomas iturriaren inguruko bideak hobetzen hasi dira auzoan, izan ere, Julen Karrion Muruetako alkateak aipatu bezala, herrian bide-segurtasuna lehentasuna da: “Gure sarbideak seguruak eta irisgarriak izatea gura dogu, eta gure herriak mugikortasun seguru, jasangarri eta atseginak izan ditzan lan egiten dugu”.
Tomas iturrian egindako lanekin, Udalaren helburua bete da. Hain zuzen ere, “segurtasunean irabazi” du auzoak. Alde batetik, errepidean ur pilaketa arazoak kentzea lortu dutelako, eta bestetik, baliatutako ibilgailuak aparkatzeko gune berriarekin irisgarritasuna ere lortu dutelako. Aparkaleku horrekiko, irabazi duten espazioa “aparkaleku puntuala” izango dela adierazi du Karrionek.
Lanak burutu diren tokiak uholdegarritasun arazoak sufritzen zituen maiz; euria egiten zuenetan zoruan ur poltsak sortzen ziren. Egindako lanekaz “arazoa amaitu” da. Aparkalekuarekin berriz, zaborra botatzera edo iturrira joaten zirenek, autoak bidean uzten zituzten, eta beraz, errepidea oztopatu. “Hori ekiditeko” ahalbidetu dute aipatutako aparkaleku hori.
Lehen fase honen aurrekontua, 43.478,94 eurokoa izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 38.999,74 euroko diru laguntza eman dio Muruetako Udalari lan horiek direla eta. Bigarren fase baterako proiektua sortuta dago: eremu berdinean, auzoko sarrera nagusiko irisgarritasuna hobetzea, beste behin ere, bideragarritasuna eta irisgarritasuna helburutzat izanik.