Juantxu Izagirre, Gernika Batzordearen motor eta arima
Juantxu Izagirre omendu dute, Gernika Batzordeagatik egindako etengabeko lana eskertzeko.
Gernika Batzordeko eta Gernika Memoriaren Lekuko taldeko kideak Juantxu Izagirre Idoiagari merezitako errekonozimendua emateko asmoz elkartu ziren atzo arratsaldean [uztailaren 18an], udaletxeko plazan. Bere etengabeko lana eskertu nahi izan diote batzordeko kideek, sorreratik horren ekintzaile izateagatik.
1977an eman zituen lehen urratsak Gernika Batzordeak, frankismo garaian, hain zuzen: “Bonbardaketari buruzko hausnarketak egiteaz gain, batzordea uneoro Euskal Herriak behar izan duen tokian egon da, eta egongo da, herritik herriarentzat borrokatzen”. Horrez gain, nazioartean gertatzen diren gatazketan ere “fin jarduten” dutela azpimarratu dute, beraiena “gogotsu defendatzen”.
Maitane Azurmendi ilustratzaileak egindako erretratua oparitu zioten taldekideek, urteetan zehar egindako “borroka sutsu” horren erakusgarritzat. Izan ere, adierazi dutenez, “bera kontziente izateko Izagirre bizirik dagoela” egin nahi izan diote omenaldia.