Pregoia ematen egongo den gonbidatua hautatzeko aukera dute bermeotarrek
Uztailaren 26a [barikua] da udaletxeko balkoian egotea nahi duten Bermeoko talde, elkarte edo pertsonak proposatzeko azken eguna.
Iaz hasitako bideari jarraituz, aurten ere herritarrek aukeratuko dute nor edo nortzun egongo diren Nadia Nemeh Bermeoko alkateagaz batera udaletxeko balkoian jaietako pregoia ematen. Izan ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien hasiera ekitaldia “berezia” izaten da bermeotarrentzat, eta udalak erabaki hori “denen artean” hartzea sustatu nahi du.
Hala, herritarrek uztailaren 26ko [barikua] 14:00ak arte izango dute haien ustetan balkoian egon beharko liratekeen Bermeoko talde, elkarte edo pertsonak proposatzeko aukera, horretarako sortu den galdetegi baten bitartez. Bildutako proposamenen kontaketa egin ostean finalistak aukeratu eta herritarren artean bozketa bideratuko da, abuztuaren 1etik 9ra.