Itsasoa: aukera iturri paregabea
Itsas Garapen Elkarteak ireki du arrantza sektorea dibertsifikatzeko eta ekonomia urdina bultzatzeko proiektuak aurkezteko epea. Ekintzaileek abuztuaren 2a arteko epea dute, beraien egitasmoak aurkezteko.
Itsas Garapen Elkartea Bizkai eta Gipuzkoako Arrantza Tokiko Ekintza Talde bakarra da. Europar Batasunak arrantza sektorearen bultzadagaz lotutako diru funtsak kudeatzea du xede, dibertsifikazioan fokua ipiniz: arrantza sektorea dibertsifikatzea eta dinamizatzea dute helburu, batetik; bestetik, arrantza herrietan jarduera ekonomiko berriak bultzatzen dituzte. Horretarako, herritar, enpresa edo eragileei beren proiektuak aukezteko deialdia egiten diete: “Arrantza jarduera nagusiaz harago ekimenak sortu gura dituztenek aukera dute beren egitasmoak aurkezteko eta, ebaluazio fase baten ostean, laguntzak jaso ditzakete”.
Jasangarritasuna eta ekonomia urdina.
Ekonomia urdina da beren eragin esparruaren ardatz nagusietako bat. Hortaz, ekonomia urdinarekin lotutako proiektuek “aukera gehiago” dute, diruz lagunduak izateko: “Itsas sektoreko aktibitateak bultzatzea da jomuga, bere alde desberdin guztietatik”. Ekonomia mota horrek jasangarritasuna eta enplegu sorrera barnebiltzen ditu, besteak beste.
Itsas Garapen Elkartea 2024-2030 arteko Ekonomia Urdin Jasangarrirako Trantsizioa izeneko fase estrategikoan bete-betean itsasoratuta dago. Tarte horretan, diruz laguntzen dituzten proiektuek arrantza dibertsifikazioarekin eta ekonomia urdinarekin lotzea bilatuko dute. Hori horrela, hilaren 2az geroztik, proiektuak aurkeztu eta aurrera eroateko diru laguntzak eska ditzakete herritarrek, abuztuaren 2ko epemugarekin. 2027an, aurkeztutako proiektuen prozesuaren erdibideko ebaluazioa egingo lukete Itsas Garapenekoek, helburuen arabera. Azken urteotan, 100-150 proiektu kudeatu dituzte. Aurten, “pareko aurreikuspenak” dituzte.
Proiektuen nondik norakoei dagokienez, hiru ekintza lerro jarrai ditzakete: inbertsio produktiboa, ez-produktiboa eta enplegu sorrera. Lehenak enpresa eta negozio bide berrien sorrerari erreparatzen dio; “bereziki” baloratuko dituzte arrantza sektoreagaz lotutako eta arrantza herrietako ekonomia urdinaren garapenera zuzendutako proiektuak. Bigarren lerroak itsasoagaz erlazionatutako formakuntza zein proiektu pilotuen garapena bultzatzen ditu. Azkenak autoenplegua edo kontratazioak sustatzen ditu, arrantza dibertsifikazioagaz eta ekonomia urdinaren baloreekin lotuta egonez gero.
Besteak beste, Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Mutriku, Berriatua, Elantxobe nahiz Lekeition dute inguruko eragin eremua. Gainera, toki bakoitzeko bazkide eta eragileekin “elkarlan estua” daukate: “Fundazioak, enpresak, federazioak, erakundeak, kofradiak, arrain salerosleak, tokiko komertzioak, bitartekari taldeak, eta abar luze bat”.
Itsasoagaz lotutako emakumeen lana “tradizioz feminizatua” izan denez, genero berdintasuneranzko urratsak egitea ere bilatzen dute: “Enpakatzaile, saregile edota bestelakoen lana beste edozein arrantza teknikarirenaren parekoa dela sinesten dugu; horregaz batera, emakumeak arrantza estraktiboan daukan pisua handitzeko behar egiten dugu, lehorreko itsas jardueretan baino askoz ere arrakala handiagoa baitago”. Bestalde, belaunaldi txandapasa sustatzea ere jomuga du elkarteak.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdea, arrantza sektorearen dibertsifikazioari eta ekonomia urdinaren garapenari begira, “eremu esanguratsua” da, eta “aukera ugari” eskaintzen ditu: “Itsasoagaz estuki lotutako udalerriak eta inguruak daude; proiektuak planteatzeko eta horientzako diru laguntzak eskatzeko toki egokiak dira. Gainera, oraindik ustiatu ez diren jarduera asko eta denetarikoak ditu gordeta itsasoak”.
Izena emateko bideez.
Abuztuko epemuga artean, ekintzaileei euren proiektuak aurkezteko deia luzatzen die Itsas Garapen Elkarteak: “Gure herrietan martxan jartzen den eta Itsas Garapen Elkartearen filosofiagaz bat egiten duten proiektuak diruz lagundua izateko aukera daukala jakinarazi gura diegu herritarrei; itsasoagaz lotuta egonez gero, aukerak biderkatu egingo dira. Gainera, lehen urterako, proiektuei aurre egiteko besteko aurrekontua dugu”.
Izena emateko edo proiektuak aurkezteko oinarriei buruzko informazioa jasotzeko, interesdunek zuzenean dei dezakete Itsas Garapen Elkartera. Beste bideak euren webera, sare sozialetara edota Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Sailaren webera jotzea dira: “Herritarrek euren proiektuak bultzatzeko tresna garela jakitea gura dugu”.