Hirugarrenez egingo dute aurten 'Luis Iriondo' Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak eta Arteskolak antolatu dute lehiaketa hirugarrenez, eta izena emateko epea hilaren 26ra arte dago zabalik. Uztailaren 28an, 09:30ean hasiko da lehiaketa, eta 14:00etan amaitu.
Gernika-Lumoko kultur etxeak eta bertako Arteskolak Luis Iriondo III. Aire Zabaleko Pintura-Lehiaketa antolatuko dute hilaren 28rako, eta bertan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute uztailaren 26ko 12:00ak aurretik, kultur etxeko webgunean edo zuzenean, bertan.
18 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, betiere eskatzen zaizkien baldintzak betez gero. Beste behin, udalerriko hiri paisaia margotu beharko dute parte hartzaileek: eraikuntzak, txokoak, monumentuak jendea… denetarik margo dezakete, baina, antolatzaileek azpimarratu dute ez dutela argazkiak oinarri modura hartzea onartuko, ez eta lehiaketaren eguna baino lehenagoko apunterik izatea ere. Parte hartzaile bakoitzeko obra bakarra onartuko dute.
Teknikei dagokienez, mihisean olioagaz eta akrilikoagaz margotzea onartuko dute, baita akuarela edo tenika mistoak paper gainean erabiltzea ere. Oliorako eta akrilikorako, mihisearen neurriak 65×50 zentimetrokoa edota 100×73 zentimetrokoa izango dira; akuarelarako paperaren neurriak 31×41 zentimetrokoa izan beharko du, eta parte hartzaileek eurek eroan beharko dute euskarria, baita obra egiteko beharko dituzten gainerako tresnak ere.
Bestalde, lehiaketan parte hartu gura dutenek askatasun osoa izango dute euren joera estetikoari dagokionean.
Lehiatik kanpo gera daitezke parte hartzeko beharrezkoak diren oinarriak ez betetzeagatik, plagioagatik edota lehiaketaren dinamikari eragin diezaiokeen beste edozein hutsegite larriengatik.
Ekitaldiko antolakuntza gunea Foruen plazan kokatuko dute, udaletxe eta kultur etxearen aurrean. Parte hartzaile bakoitzak bertan aurkeztu beharko du NA, gidabaimena edo pasaportea, eta han zigilatuko dizkiete euren euskarriak. Hala, gutun bat jasoko dute beraien partaide zenbakiagaz, eta datu pertsonalekin zein obraren dautekin bete beharko duten fitxa ere jasoko dute. Gutun hori amaitutako obragaz batera aurkeztu beharko dute, obraren zenbakia izango baita sariak esleitu arteko obraren identifikazio bakarra.
Sariak.
Lehiaketak 09:30etik 14:00etara arte iraungo du, eta behin lanak entregatutakoan, karparen inguruan kokatuko dituzte, epaimahaiak aztertzeko eta jendeak ikusteko. Epaimahaia Urdaibaiko edota Urdaibai inguruko merituzko artistek osatuko dute.
Epaimahaiak ez du obraren egilea ezagutuko eta haren partaide zenbakia puntuatuko du, 0tik 10era. Epaimahaiaren erabakia 15:00etatik aurrera jakinaraziko dute karpan, bertaratutako ikusle guztien aurrean. Hala, irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 600 eurokoa eta hirugarrenak 400 euokoa. Herriko artista baten obrarik onenak ere saria izango du, 300 eurokoa. Horrez gain, parte hartzaileek opari txiki bat jasoko dute, hiribilduaren oroigarri gisa.
Saritutako lanak Gernika-Lumoko Udalaren eskuetan geratuko dira, eta honek izango du horiek erakusteko, erreproduzitzeko edota argitaratzeko eskubidea. Gainerako obrak norbere egileak eroan ahal izango ditu erakusketa amaitutakoan.