Gorefestek izandako erantzunagaz, "oso pozik"
Bermeoko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldiak 115 lagun bildu ditu aurten.
Gorefest Bermeoko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldiak bere lekua du udalerriko uztaileko kultur egitarauan, eta aurten ere ez du hutsik egin. Spookypheria Produkzionsek bultzatutako ekimenak 115 lagun bildu zituen zapatuan, Nestor Basterretxea aretoan.
Antolatzaileak “oso-oso pozik” agertu dira jaialdiak izandako erantzunagaz, eta bertaratu zirenak filmen eskaintzagaz “gustura” geratu zirela adierazi dute. Hala ere, aurten proiektatutako hamabi film laburretan gore gutxiago egon dela eta horrek askotariko iritziak sortu dituela nabarmendu dute: “Batzuek esan dute beste urte batzuekin alderatura gore, odol eta umorea uztartzen dutenak falta izan direla”. Izan ere, planifikatua izan ez bada ere, Gorefesteko filmak “gai serioagoei lotuta” egon dira aurten.
25 urte beteko ditu datorren urtean jaialdiak, eta dagoeneko hasi dira urtemuga horretarako ideia bilketagaz. “Gero gauza batzuk egingarriak izango dira eta beste batzuk ez: aurrekontua, denbora…”. Era berean, azpimarratu dute bertaratzen den publikoaren zati bat «finkoa» bada ere, jende berria ere bertaratzen hasi dela: “Jende gaztea animatzen da; duela urte batzuk bertatik ibilitakoak, baina 16 urte ez zituztenez sartu ezin zirenak, adibidez”