Datuen emaitzak jaso dituzten arren, egoerak berdin segitzen du
Eusko Trenbide Sareak trenbidearen inguruko espazioan aire zabalean eta gauez egiten dituen industria jarduerak "legez kanpokoak" direla jakin arren, udalak geldi segitzen duela salatu dute Don Tello kaleko eta inguruetako bizilagunek.
Mantentze eta konpontze tailer baten “gaueko industria jarduerak” sortutako zaratak sufritzen ari direla salatu dute behin baino gehiagotan Don Tello kaleko eta beste kale mugakide batzuetako auzotarrek. Izan ere, hainbatetan salatu dute Eusko Trenbide Sareak trenbidearen inguruko espazioan —Gernikako hondartza izenez ezagutzen da— aire zabalean eta gauez egiten dituen industria jarduerak eragindako gaueko zaratak lo egiteko eskubidearen aurkako ekintzak direla.
Biltegiratzea, errailak rotaflexagaz moztea, material astunak kargatzea eta deskargatzea, makina astunen joan etorria —sei hondeamakina—, atzerako martxak sartzean txistu hotsak ateratzea, zementu ontziak martxan ordu luzez aritzea, edota dentsitate handiko lokomotorak prest jartzea. Horiek guztiak sufritzen dituzte Don Tello inguruetako bizilagunek gauez, eta euren egoera erakunde ezberdinei jakinarazi dieten arren, euren egoerak berdin jarraitzen du. Hala, udalaren “jarduera eta planifikazio eza” salatu dute.
Auzotar talde horrek behin eta berriz salatu ditu bizilagunek gauez sufritzen dituzten zaratak, eta osasunerako duten eskubidea defendatu du: “Hamarkada bat baino gehiago daramagu borrokan gure osasunerako eskubidea erakundeek errespeta eta babes dezaten eskatuz”. Urtarriletik “infernu bat” bizitzen ari direla esan dute, “euren osasuna arrisku larrian” dagoela gehituz.
Eta, kaltetutako bizilagunek diotenez, ibilbide “jasangaitza” bezain “alferrikakoa” egin dute erakundeei euren eskubideak zaindu ditzaten eskatuz. Ibilbide horren baitan, gogoratu dute Gernika-Lumoko Udalari mozio baten bidez euren auziarekiko konpromiso irmoa eskatu ziotela. Mozioa aho batez onartu zuten martxoaren 27ko osoko bilkuran, neurketa akustiko independenteak egiteko konpromisoa hartuz. Hala, ETSren jarduerak ingurumenaren kalitate akustikoari buruzko legea urratzen duen egiaztatzeko konpromisoa hartu zuen udalak, eta ETSk legez kanpoko jarduera probak eginez gero, jarduera hori etetea edo ixeko eskatzea adostu zuten.
Horiek horrela, udalak uztailaren 10ean helarazi zien auzotarrei Audiotec enpresak egindako txostena —nahiz eta neurketak apirilean egin zituzten—, eta, salatu dute, txostenak ETSk zaratari buruzko araudia urratzen duela “argi eta garbi” dioen arren, auzotarrek ez dutela udalaren inongo jakinarazpenik jaso: “ETSren gaueko jarduerak zaratari buruzko araudia urratzen duela dio txostenak, baina guk ez dugu udalaren jakinarazpenik jaso ETSren lege-hauste horren egiaztapen horretatik eratorriko diren jarduerei buruz”. Zehaztu dutenez, gauez erregistratutako gehieneko zarata mailak aztertuz gero, ikusten da jarduera dagoenean “maila oso altuak” erregistratzen direla, sarri 80 dB gaindituz.
Hala, auzotarrek jakinarazi dute “jakin badakitela” oposizioko alderdiek euren osasun eskubidea defendatzeko konpromisoa hartu zutela, eta udal batzordeari ezohiko “premiazko bilera” eskatu ziotela gaia aztertzeko eta hartu beharreko neurriak hartzeko. Hala, baina, udalak gai horri oraindik heldu ez izanaren aurka agertu dira: “Oposizioko alderdiei alkatetzak emandako erantzuna izan zen gai horretaz arduratzen den zinegotzia oporretan dagoela eta itzuli arte itxaron behar dela. Uztail erdialdea eta abuztua opor hilabete nagusiak izanik, ulertarazi digu ez dela berehala ezer egingo. Baina guk sentitzen duguna da alkatetza oporretan dagoela etengabean, ez duela inolako enpatia edo erantzukizunik bere herritarren ongizateagaz, berdin diola lo egin ezinik segitzen dugun. Gure sufrimendua behin eta berriz mespretxatzen dela sentitzen dugu”.
Ez dutela amore emango diote, jakin badakitelako arrazoia dutela, ETSren jarduera “legez kanpokoa” dela: “Badakigu udalak erantzukizun saihestezina duela gure eskubideak babesteko arau hauste horren aurrean; badakigu uneren batean legea eta gure osasunerako eskubidea inposatuko direla. Baina, era berean, uste dugu herritarrek jakin behar dutela alkatetza ez dela osoko bilkuran plazaratutako hartutako konpromisoa betetzen, eta guk gure osasunerako eskubidearen alde borrokan jarraituko dugula”.