Ohiturari tiraka datoz Akordako jaiak
Santamañe eguna ospatuko dute eguenean [uztailak 18], Akordan. Jaiak asteburu osora luzatuko dituzte, gainera.
Akordako Jaiak ate joka daude. Santamañe eguna ospatuko dute eguenean [uztailak 18], baina jaiak ez du etenik izango domekara [uztailak 21] bitartean. Lau eguneko jai egitarauagaz, gastronomia, ohitura, dantza eta musika uztartuko dituzte. Santamañe egunez, txupinazoagaz ekingo diete jaiei. Urtero-urtero, herritar desberdin batek bota ohi du txupina, “unean bertan” hautatuta. Ondoren, meza nagusia egingo dute elizan, eta haren ostean pintxopotean elkartuko dira herritarrak.
Tabernan egingo duten poteo hori, hain zuzen ere, Mundakako txistulariekin egingo dute. Ohiturazko taldea da Akordako jaien egitarau barruan. “Hainbat eta hainbat hamarkada daramatzate jaiotara etortzen, eta beti esku zabalik hartzen ditugu; bestelako kolorea ematen diote ospakizunari”, azaldu dute antolatzaileek. Barikua ere mezagaz abiatuko dute, baina, ostean, herri bazkariak hartuko du taberna: “50 lagun inguru elkartuko gara, giro apartean”. Gauez, Five Direction taldea eta DJ Koet taularatuko dira, dezibelekin jaia berotzeko.
Zapatuan, 13:00etan, talo janaldia egingo dute, “tokiko produktuekin lagunduta”. Arratsaldez, umeentzako puzgarriak jarriko dituzte plazan, apar jaiagaz batera; gainera, txokolatea ere banatu dute bertaratzen direnen artean. 23:30ean, “gorputza mugitzen jarraitzeko”, FMa egongo da. Domekan, jaietako azken jardunaldian, Lorea Umeen Dantza Taldea izango da protagonista nagusia: Ibarrangeluko jaietan txupinazoa bota duen taldeak denetariko dantza ikuskizuna emango du plazan, trikiti doinuz girotutako poteoagaz jaiak agurtu orduko.
EGITARAUA
Uztailak 18, eguena.
12:30. Txupinazoa
Ostean. Meza Nagusia, Akordako Elizan.
13:00. Pintxopotea tabernan, Mundakako Txistulariekin
Uztailak 19, barikua.
12:30. Arimen aldeko meza, Akordako Elizan
15:00. Herri bazkaria, Plazan
22:00. Five Direction taldea.
23:30. DJ KOET.
Uztailak 20, zapatua.
13:00. Taloak, tabernan
18:00. Umeentzako puzgarriak, aparra eta txokolatea
22:00. THE IDEMS taldea
23:30. FM
Uztailak 21, domeka.
12:30. Meza, Akordako eleizan
Ostean. Lorea dantza taldea, plazan
13:00. Poteoa, trikitrixarekin