Loreak itsasora, herritarrak festara
Karmen eguna ospatzen ari dira gaur [uztailak 16] Busturialdeko hainbat txokotan: Elantxoben, Gautegiz Arteagako Zendokizen edota Bermeoko Mañun eta Arronategin.
Karmen eguna goi-goitik ospatzen ari dira gaur [uztailak 16] hainbat tokitan, besteak beste, Elantxoben. Herriko ospakizun nagusienetakoak dira Karmen jaiak, eta, horrenbestez, maila horretako ospakizun egitaraua atondu dute aurten ere. Goizeko 11:00etan eman diote hasiera jaiari, umeen estropadekin. Ondoren, portu aldean, Tinglaupean, elkartu dira elantxobetarrak. Bertan, Karmengo Amaren omenezko meza egin dute, eguneko gailurra orduko: moila puntarainoko prozesioa, bertan itsasora loreak jaurtitzeko.
Herritarrek more eta urdin koloreko lore sortak eskuetan hartu dituzte, urtero legez, “itsasoan zendutakoak omentzeko eta bertaratutako herritar oro bedeinkatzeko”. Otoitzerako une baten ondoren, itsasoa lorez jantzi dute elantxobetarrek, berriro portu aldera bueltatu orduko. Han, sardina erreaz gozatu dute guztiek. Gainera, Ardoa Barrura fanfarreakoek girotu dute eguerdi aldea. Arratsaldean, Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeak umeentzako jolas puzgarriak ipiniko ditu Tinglauan. 19:30ean, ostera, Aiko dantza taldeak dantzapoteoa emango du tabernaz taberna.
Elantxoben ez ezik, Busturialdeko beste zenbait txokotan ere karmenak ospatzen ari dira. Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoan, meza santua egin dute gaur, baina domekan jaiagaz jarraituko dutela aurreratu dute: Artie Dantza Taldeko dantzariek emanaldia egingo dute. Horrez gain, ospakizun eguna da gaur Bermeoko Mañu eta Arronategi auzuneetan. Hain zuzen ere, Bermeoko Udaleko gobernu taldea Mañun egon da gaur, bertako giroaz gozatuz. Gaur, 20:00etan, gainera, Sustabiz Fundazioak herri kirol erakustaldia emango du; batik bat, trontzan, ingudean, harri jasotzean edota txinga eroatean ariko dira. Bestalde, elkartean aizkolaririk ez dutenez, Bihurri eta bere semea bertaratuko dira Mañura. Horrez gain, Gurutze Gorrikoekin batera, Gaztelugatxeko San Juanen urpean dagoen birjinari lore eskaintza egitera ere joan dira gaur.