Osagai guztiak uztartzen dituen errezeta
Giro ederrean ospatu dute III. Emakume Surflarien Eguna. Aurten, estreinakoz, hurrengo aldirako kartela zehazteko lehiaketa egin dute.
Zapatuan [uztailak 13], “emakume surf zale gaztetxoenei plaza eman asmoz”, III. Emakume Surflarien Eguna ospatu zuten, Mundakan. Egun osoko egitarau oparoaz gozatu ahal iza zuten bertaratu ziren herritarrek; kirola, gastronomia, esku lanak eta, zelan ez, surfa bera izan zituen ardatz. Guztira, 50 parte hartzaile inguru animatu ziren hirugarren ekitaldira, eta Mundakako Surf Taldeko kideak “oso pozik” agertu dira hurreratu zirenen erantzunagaz: “Geure aurreikuspenak bete egin dira, eta giro ederraz gozatu ahal izan genuen egun osoan zehar”.
Gaztetxoenek eskulan tailerra egin zuten goizean, Talan. Eguerdian, animal flow eta yoga saioak egin zituzten, bazkaritarako tartea hartu orOsduko; paella janaldian elkartu ziren eguerdi bazkalorduan. Uretara jauzia egiteko tartea iritsi zen ondoren: “Taldeko beteranoenek gaztetxoenei surfean laguntza handia eman zieten, eta, olatu handiegirik egon ez arren, egundoko tarte ederra pasatu genuen”. Itsasotik aterata, herriko frontoia itxuraldatu egin zuten: “Plastikozko egitura bat ipinita, umeek lehorreko surfa simulatu ahal izan zuten”.
Skate saio “berezi” horren ondoren, eguneko berrikuntza nagusia iritsi zen: kartel lehiaketa. “Goizean, 0-12 eta 13-16 adin tarteetako umeek hurrengo urterako kartela erabakitzeko txapelketatxoa egin zuten; irabazle bi suertatu ziren, eta bien arteko irudien nahasketatik jaioko da datorren urteko kartela”, azaldu dute. Iluntzean, hainbat produkturen zozketa egin zuten, eta jan-edana ere ez zen falta izan. Gainera, Garry musikari gernika-lumotarrak bere musikagaz borobildu zuen gaualdia.