Giro herrikoian ari dira sankristobalak ospatzen Busturian
Denborarik galdu barik, sanpedroen lekukoa hartu zuten sankristobalek, eta jai giroz bete dituzte Busturialdeko herri eta txokoak. Busturian, giro herrikoia da nagusi gaurkoan [uztailak 13]. Izan ere, egun berezia da: mende laurdena betetzen duen Busturiko Danborradaren urteurrena ospatzen ari dira eguerditik.
Atxurkulu Elkarteak, Busturiko emakumeen “lehen elkarteak” —eta bakarrak— aurkeztu zuen herrian Donostikoa bezalako danborrada bat sortzeko idea duela 25 urte, busturiarrak elkartu eta herriak herriari eskaintzeko “ekintza parte-hartzaile” modura. Ordutik, emakumezko, gizonezko, ume zein nagusiren aterpea da, eta egun berezia ospatzen ari dira gaur.
Jaione de Perdigok zuzenduta, denetariko kantuak jo dituzte nagusien danborradako kideek goizeko poteoan. Danbor hotsek hartu dute herria, eta erritmoz bete dute erdigunea. Herria girotzeaz haratago, helburua danborradan bildutakoak “ondo pasatzea” dela aitortuta, herri bazkarian elkartu dira 120 lagun.
Indarrak hartu ostean, berriro jantziko dituzte danborrak danborradakoek. Oraingoan, baina umeen laguntza izango dute 19:00etatik aurrera. Jakinarazi dutenez, zenbait “sorpresa” dituzte pentsatuta, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Jakinarazi dutenez, gainera, normalean jotzen ez dituzten “lau kantu berezi” eskainiko dituzte.
Gero, elektrotxarangak girotuko du iluntzea, eta Zazpizar, Xiberoots eta Jaikide taldeek hartuko diote lekukoa.
Asteburu osoan jai.
Busturiko San Kristobal auzoko jai handiak izaten dira gidarien santuaren omenezkoak, eta eskualdeko gazte zein nagusien topagune bihurtzen da herrigunea. Aurten ere, adin guztiei zuzendutako egitaraua prestatu dute, eta egunez zein gauez ondo pasatzeko aukera izan dute herritarrek. Atzo (uztailak 12) herri bazkarian batu ziren gazteak, eta jendetza bertaratu zen gaueko kontzertuetara ere.
Busturian ez ezik, Nabarnizen ere asteburu honetan ospatuko dituzte sankristobalak, San Kristobal ermitaren inguruan. Mezaren ostean, haragi zipildua eta urdaiazpikoa jateko aukera izango dute, betiere musikaz girotuta.