Jaietatik itzultzeko gaueko autobus zerbitzua jarriko dute
Madalen jaietatik eta Gernikako jaietatik euren herrietara itzultzeko autobus bat jartzea adostu dute Arratzuko, Kortezubiko, Gautegiz Arteagako eta Ereñoko udalek. Uztailaren 19ra arteko epean egongo dira salgai Madalen Egunerako autobus tiketak lau udaletxeetan.
Uztailaren 22an Madalen jaietatik eta Gernikako jaietatik abuztuaren 14an eta 16an euren etxeetara itzultzeko aukera eskaini gura diete Arratzuko, Kortezubiko, Gautegiz Arteagako eta Ereñoko udalek euren bizilagunei, eta horretarako Gababusa jartzea adostu dute elkarlanean. Izan ere, etxera “modu seguruan” bueltatzeko aukera eskaini gura diete herritarrei, ibilgailua alde batera utzi eta horretarako “modu alternatiboa” eskaini asmoz.
Hala, Madalen jaietatik (uztailak 22) autobus bat aterako da Ibarrangelutik 23:00etan, eta hurrengo ibilbidea egingo du: Ibarrangelu, Ereño, Gautegiz Arteaga, Kortezubi eta Arratzu.
Gernika-Lumoko jaietatik itzultzeko, berriz, abuztuaren 14an eta 16an eskainiko dute zerbitzua, geltoki nagusitik 03:00etan irtenda. Gernika-Lumotik Arratzura joango dira, eta handik Kortezubi eta Gautegiz Arteaga igaro eta Ereñora ailegatuko dira.
Gaueko autobus zerbitzua erabili gura dutenek aldez aurretik erosi beharko dute txartela, nork bere udaletxean, lekuak bete bitartean. Hain zuzen ere, astelehenetik uztailaren 19ra arteko epean egongo dira salgai Madalen Egunerako autobus tiketak; bestalde, abuztuaren 1etik 9ra bitartean jarriko dituzte eskuragarri Gernika-Lumoko jaietarakoak. Prezioa bost eurokoa izango da.
Lau udalerrientzako “garrantzitsua” da horrelako ekimenak aurrera ateratzeko ahaleginak batzea; are gehiago, tren linearik bariko Urdaibaiko ezkerraldeko udalerrien kasuan. Euren helburua da bizilagunek jaiez gozatu ahal izatea etxera bueltatzeko kezkarik izan barik, eta, horretarako, uste dute “funtsezkoa” dela ibilgailu partikularrari alternatiba seguru bat ematea. “Zerbitzu hau Madalen jaietan eta Gernika-Lumoko jaietan jartzea erabaki dugu, eskualdeko jendetsuenetakoak direlako, eta horrek oso zaila delako egun horietan taxia aurkitzea. Ekimen garrantzitsua da ibilgailu partikularra gaueko aisialdian erabiltzea saihestu nahi badugu”, esan dute alkateek.