Inma Ruiz: urrea eta indar erakustaldia
Inma Ruiz atleta gernika-lumotarra goiko mailan aritu da aire libreko pistako Espainiako Txapelketan, master mailan. Bakarka, 400, 800 eta 1.500 metroko probak irabazi ditu; erreleboka, aldiz, 4x400eko lasterketetan gailendu da, eta bigarren amaitu du 4x100ekoa.
Inma Ruizek, beste behin, bere maila boteretsua frogatu du Espainiako Txapelketan, eta emaitza bikainak eskuratu ditu aire libreko pistako probetan, master mailan. Iragan asteburuan, uztailaren 5etik 7ra bitartean, lehiatu zuen atleta gernika-lumotarrak aipatutako txapelketa, Alcobendasen (Madril); hain zuzen ere, Ruizek zapatuan [uztailak 6] eta domekan [uztailak 7] eduki zituen lehiaketak. Zapatuan, goizez abiadura proba egin zuen, 400 metrokoa; arratsaldean, ostera, 1.500 metroko iraupen erdiko proban eta errelebokako 4×100 lasterketan aritu zen. Domeka goizean, aldiz, 800 metroko lehian ibili zen, baita 200ekoan eta errelebokako 4×400ekoan ere.
Lehiatu zuen estreinako probatik, argi eta garbi geratu zen Ruiz onenen pare zegoela. Izan ere, zapatuko 400eko lasterketan garaipena eta urrezko domina poltsikoratu zituen. Ez hori bakarrik: distantzia horretako errekorra berea zen duela bi urtetik, eta hura hobetzea lortu zuen, 01.11,47ko erregistro paregabeagaz. Marka hobetzeagaz “ezin pozago” agertu da Ruiz, eta garaipena “oso landua eta benetan gaitza” izan zela nabarmendu du. Arratsaldeko lehen proban, 1.500 metrokoan, “lasaiago” ibili zen, eta abantaila handiagoagaz irabazi zuen lasterketa: 05.37,20ko denboran gelditu zuen erlojua Ruizek. Ondoren, errelebokako 4x100eko lehian, estreinaldia eduki zuen gernika-lumotarrak eta, 01.01,87ko denboragaz, bigarren postuan helmugaratu zen, Durango Kirol Taldeko partaideekin batera: “Ez naiz sekula ibili distantzia horretan erreleboka, eta esperientzia polita izan zen niretzat; gainera, bigarren postua lortzeko gogor lan egin behar izan genuen, intentsoa izan zen”.
Domekan, bezperako esfotzuak bikain berreskuratu zituen, bere mailak ez baitzuen inondik inora behera egin. “Proba batetik bestera arteko errekuperazioa” izan da, hain zuzen ere, txapelketaren gakoetako bat: “Egun bitan sei proba lehiatu ditut, baina gorputza horretarako eta egin zuen bero handiari eusteko doituta eduki dut”. Lehiaketako bigarren jardunaldia 800 metrokoagaz abiatu zuen, baita ondo abiatu ere: 02.44,44ko denboragaz gailendu zen, bigarren sailkatuarekiko lau segundoko arrakala urratuta. Jarraia heldu zitzaion 200 metroko lasterketa: “Erronkarik handiena izan zen, proba oso esplosiboa delako eta ez nuelako hori prestatzeko entrenamendu saio espezifikorik egin”. Seigarren amaitu zuen proba, baina “emaitza ona” dela azpimarratuta. Azken proban 400 metro lau aldiz egin zituzten, erreleboka. Gernika-lumotarrak “izugarri gozatu” zuen: “Distantzia oso egokia da niretzat, eta 04.50.54ko denboragaz irabazi genuen; erregistro oso lehiakorra da”.
Txapelketaren balorazioa “ezin hobea” da Ruizentzat, eta 400 metroko bakarkako proba irabazi izana baloratu du bereziki: “Gehien prestatu dudan distantzia da, eta garaipenik estuena ere bai. Azken txanpara arte ez nuen urrezko domina ziurtatu, eta ezin pozago amaitu nuen”.