Santimamiñe egunak historia eta artea uztartuko ditu
Datorren barikuan [uztailak 12], Santimamiñe eguna ospatuko dute, kobazulo horretako margolanak duela 108 urte topatu zituztela omentzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, “egitarau bereziagaz” ospatuko dute efemeride edo urtemuga hori. Margolanak dituen haitzuloaren ganbera horren aurkikuntza eta, era berean, UNESCOK hura gizadieraren ondare izendatzea ere ospatuko dutela aurreratu dute.
Ekitaldia 20:30ean hasiko dela aurreratu dute antolatzaileek, eta aldez aurretik erreserba egitea “ezinbestekoa” izango dela, edukiera mugatua izango baitu. Dena Bilbaoren dantza ikuskizunagaz hasiko da gaualdia; dantza emanaldia kobaren inguruan egingo dute. Ondoren, gauez, bisita gidatua egingo dute haitzuloaren atarira, “bertako okupazio ezagunen aztarna arkeologikoak geratzen diren lekura”. Egitaraua margolanen ganberan barrena egingo duten ibilbide birtualagaz osatuko dute; kobazuloko galeria sakonenak ezagutaraziko dituzte. Izena emateko, interesdunek 94-465 16 57 telefono zenbakira deitu beharko dutela iragarri dute, edo santimamine@bizkaia.eus posta elektronikora idatzi.