Irakurzaletasuna sustatzeko Letren Etxea Santa Luzian dago
Uztailaren 19ra bitartean Santa Luzian egongo da, eta uztailaren 22tik abuztuaren 9ra bitartean, San Juan Ibarran emango die arreta herritarrei.
Bernart Etxeparek 1545ean idatzitako Linguae Vasconum Primitiae euskal liburuari kasu eginez, Liburutegia, jalgi hadi plazara egitasmoa jarri zuen martxan Gernika-Lumoko kultur etxeak duela zenbait urte. Uda garaian udal liburutegia kanpora, plazara, mundura atera gura dute, eta horretarako, Liburutegia plazara ekimenaz gain, Letren Etxea ere kalera atera dute.
Irakurketa eta mahai jokoak herritarrengana hurbildu gura dituzte, irakurzaletasuna bultzatzeko eta irakurketaz gozatzeko aukera gehiago eskaintzeko erabiltzaileei. Izan ere, jardueren helburua da herritarrei beste zerbitzu bat eskaintzea eta horiekin herritarrak entretenitzea.
Letren Etxea izeneko liburutegi ibiltaria atzo arratsaldean aterako zuten kalera, eta abuztu amaierara arte egongo da Gernika-Lumoko txoko eta auzo guztietako irakurleak hartzen. Goizez zein arratsaldez egongo da erabilgarri liburuz, eguneroko prentsaz, aldizkariz eta mahai jokoz betetako txokoa.
Hain zuzen ere, uztailaren 19ra bitartean Santa Luzian egongo da, eta uztailaren 22tik abuztuaren 9ra bitartean, San Juan Ibarran emango die arreta herritarrei. Horren ostean, eta udalerriko jai nagusiak amaitutakoan, Lorategietara hubilduko da Letren Etxea, abuztuaren 19tik abuztuaren 31ra artean.