Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe
Ia 500 lagun bildu ditu X. Elantxobeko Mendi Martxak. Atxurkulu Mendi Klubak "balorazio positiboa" egin du, euri iragarpenak zenbait parte hartzaile kikildu dituen arren.
Goi-goitik iritsi da Elantxobeko Mendi Martxa bere X. urtemugara. Zapatuan [uztailak 6], euriari aurre eginez, ia 500 lagun elkartu ziren Elantxobeko portuan, mendia, kirola eta herrigintza uztartzen dituen egunaz gozatzeko. Eguerdi alderako iragarritako eguraldi txarrak parte hartzaile kopurua “apaldu” egin zuela azaldu dute Atxurkulu Mendi Klubeko antolatzaileek: “Euri iragarpenak atzera bota zituen 70 bat lagun; beraz, gutxi gorabehera, 430 mendizale inguru elkartu ziren”. Iragarpena txarra izanagatik ere, eguerdi aldera arte ez zen euria ekuazioan sartu: “Ordurako, hainbat parte hartzailek ibiblidea burututa zeukatenez, ez zuen arazo handirik suposatu”.
Bestalde, argitu dute ez zela istripu edo traba handirik egon eta, horrenbestez, parte hartzaileek bete-betean gozatu zutela paraje eta paisaiez. Ibilbide bi eduki zituzten aukeran,11 eta 22 kilometrokoak. Biak ala biak Elantxobeko portuan hasi eta amaitu ziren. Aukera luzekoak 08:30ean abiatu ziren, eta laburrekoak 10:00etan. Bidean hainbat anoa postu aurkitu zituzten: “Parte hartzaile guztientzako asistentzia likidoa nahiz solidoa eduki zuten; ez zen ezer falta izan”. Baten batek “azukre edo tentsio jaitsiera” eduki zuen, eta besteren batek, ostera, “laprastekoa harrapatu”: “Edozelan ere, ez zen ezer larririk gertatu; guztia prestatu legez atera zitzaigun”. Era berean, azaldu dute eguerdi eta arratsaldeko euria “pena handia” izan zela: “Geure asmoa zen mendizaleek arratsaldea Elantxoben pasatzeko egitaraua prestatzea; eguraldiak ez zigun utzi, baina. Dena dela, goizeko prestakuntzaz eta martxa ederto atera zitzaigula ikusteaz harro gaude. Hurrengo urtean ere izen ematea betetzea eta mailari eustea espero dugu”.