Lointek Gernikako kadete taldeak Sallobante Aterpetxean ospatu du Bizkaia Kopako txapelketa
Errigoitiko Sallobante Aterpetxean egon dira Lointek Gernikako emakumezko kadete taldeko kideak, Bizkaia Kopan lortutako garaipena ospatzen. Taldeko kirolariek gau bat igaro zuten aterpetxean, “erlaxatzeko, ondo pasatzeko eta denboraldi amaiera bikainaz gozatzeko”.
Bizkaia Kopako txapeldunak eta Final Fourreko txapeldunordeak dira Lointekeko jokalariak, eta Errigoitiko auzo horretan oraintsu “zaharberritu” duten auzoko eskola zaharraren zati bat hartzen duen aterpetxean egon dira, “lekuaz gozatzen”.
Sallobante Aterpetxea Metxika auzorako bidean dago, eta hemeretzi pertsonentzako lekua dauka, instalazio “erosoekin, eta logela argitsu eta zabalekin”. Banakako 21 ohe daude, eta mugikortasun murriztua duten lagunentzako komunez, sarbideez, zerbitzuez eta jan-egongelaz egokituta dago. Bizkaiganetik gertu dagoen aterpetxeak “leku atsegina” dauka kanpoaldean, barbakoak egiteko egurrezko mahaiekin.