Energia komunitatea sortzeko bidean
Ibarrangeluko Udaletik aurreratu dutenaren arabera, herrian energia komunitatea sortzeko prozesuari ekin diote. Hain zuzen ere, ibarrangelutarrak herri bileran elkartuko dira eguenean [uztailak 11], kultur etxean. Edukiera bete arteko doako sarrera edukiko du bilerak, helburu argi eta garbiagaz: energia komunitate proiektua herritarrei plazaratzea eta bere sorrerarako estreinako urratsak egitea.
Udaletik iragarri dutenez, hiru ardatz edukiko ditu egueneko hitzorduak: batetik, energia komunitate kontzeptua azalduko dute, eta argitu zeinek parte har dezakeen eta zein abantaila eskaintzen dituen. Parte hartze prozesua hasteko, 2023an egin zuten bileraren zerrenda eguneratu egingo dute. Bestetik, udalak eman dezakeen laguntza zer-nolakoa den azalduko dute: komunitatearen sortze prozesuaren batez besteko luzera zehaztuko dute; bazkide motak zeintzuk diren azaldu, eta sor litekeen edozein zalantza mota argitu. Horrez gain, komunitatearen parte izateak suposatuko lukeena ere azalduko diete herritarrei; horretarako, bilerara bertaratzen direnen artean talde dinamika egingo dute, “udalerri mailako energia komunitate batean parte hartzeak beregain dakartzan onurak, zailtasunak edota eginbeharrak eztabaidatzeko”.