Urmugaren Urtantak eskualdea ere zipriztinduko du
Urmugaren Urtanta ekitaldiak Nestor Basterretxea artista bermeotarraren lana eta bizitza omenduko ditu. Uztailaren 25erako denetariko ekintzak egingo dituzte eskualdean.
Mendiak eta musika batzen dituen jaialdia da Urmuga. Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du bi urtean behin, mendi tontor, herri eta bailaretara musika eta naturarekiko maitasuna eroanez. Urmugak ekitaldi nagusia egiten ez den urteetan, berriz, Urmugaren Urtanta antolatzen dute, eta horrek zipriztinduko ditu Busturialdeko herritarrak: ekitaldi laburragoa, baina goi mailako musika eskaintzen duena izango da. Duela bi urte Elkanoren mundubira omendu zuten, eta aurten, Nestor Basterretxea artista bermeotarraren figura da goretsiko dutena. Bermeotarraren jaiotzaren mendeurrena dela eta, uztailaren 22tik 28ra artean omenaldia egingo diote, mendi ibilaldiak eta musika uztartuz.
“Urmuga mendiz Euskal Herrian egiten den zeharkaldi nagusia da, eta Urtanta, berriz, kontzertuak eta ekitaldiak antolatzen diren lekuetara egiten diren ibilaldiak. Artea, musika, poesia eta mendizaletasuna uztartzen ditugu”, adierazi du gaur Miguel Zeberio Et Incarnatus Orkestrako zuzendari eta Urtantaren zuzendari artistikoak.
Uztailaren 25ean izango da ekitaldi nagusia, eta horretan parte hartuko dute eskualdeko hainbat mendi taldek eta udalek. Izan ere, hiru mendi ibilbidek eta musika ekitaldi nagusiak beteko dute jai eguna; azken hori Bakioko Jata mendiaren merenderoetan egingo dute.
Urtantak Basterretxearen obra eta bizitza omenduko dituenez, bere ibilbide artistikoaz gozatzeko aukera eskainiko du horretarako sortutako ibilbide eta musika lanekin. Izan ere, Basterretxearen bizitzan garrantzitsuak izan diren parajeetatik egingo dute oinez bertaratzen direnek. Hiru ibilbide izango dituzte aukeran.
Luzeena, Bermeotik abiatuko da 08:15ean, Basterretxearen Olatua eskultura dagoen lekutik, eta, 08:30ean, Euskal Serie Kosmogonikoa eskualturan musika ekitaldi artistikoa egingo dute, hortik, bidea jarraitu eta Matxitxakoko lurmuturrera joateko. Bertan, 12:00etan, Basterretxearen gudarien monumentuan omenaldi musikatua egingo zaie artistari eta itsas batailan parte hartu zuten gudari guztiei. Hortik, Bakiora jaitsiko dira gero. “Basterretxearen eskulturak oroimenaren leku bihurtuko ditugu, ekitaldi guztietan oroimena eta musika uztartuz”, gehitu du Zeberiok.
Beste bi ibilbideak, aldiz, Mungiatik eta Lemoizetik irtengo dira: Mungiakoa goizeko 09:00etan aterako da, Gatika eta Maruri-Jatabe zeharkatu eta Bakiora ailegatzeko; bestea, Lemoizetik, 10:00etan irtengo da, eta hori ere Jatara iritsiko da eguerdirako. “Lemoiz da gure herrian itxi gabeko zauri bat eta zauri horretarako, Basterretxeak bere ikuspuntu sortzaileetatik Lemoizen gelditu ziren aztarnetan kultur eta zientzia gune bat sortzeko maketa bat egin zuen. Hori ere gogoratuko dugu”, esan du Zeberiok.
Mendi irteeretan parte hartzeko info@urmuga.eus helbidera idatzi beharko da, baita ekintzan parte hartuko duten mendi taldeekin harremanetan jarri ere. Hurrengoak dira eskualdeko mendi taldeak: Bermeoko Sollube 707, Gernikako Goizale, Busturiko Busturia Mendi Taldea eta Mundakako Gazte-Zar.
Behin ibilaldiak amaituta, 18:00etan, musikak hartuko du lekukoa. Izan ere, Jatan, Et Incarnatus Orkestrak euskal kantari ezagunen kanten egokitzapenak eskainiko ditu, eta Eñaut Elorrietak, Anje Duhaldek, Idoia Asurmendik, Olaia Intziartek eta Xabier Leturiak parte hartuko dute horretan. Euskal Herriko bakea, elkarbizitza, herrigintza izango dira kontzertuan aldarrikatuko dituzten balioak.
Hain zuzen ere, Maddi Arana ekitaldiaren koordinatzaile eta musikariak esan du hitzordu “berezia” dela Urmuga eurentzat: “Migelek aipatu zigunean mendian kontzertua ematearen ideia eromena zela pentsatu genuen, ezinezkoa zela, baina orain, Urmuga guretzako ezinezkoa zen hori egi bihurtzen duen ekitaldia da”.
Musikariei erreferentzia eginda, esan du saiatu direla musikari gazteak eta beteranoak batzen, Euskal Herriko gune desberdinetakoak. Zeberiok, berriz, gehitu du Urmugaren helburuetako bat dela Euskal Herria saretzea, kulturalki zein harremanetan: “Izan ere, azkenean, bakoitza bere txokoan bizi gara, eta egia da beti mendi elkarteek badutela ohitura beste geografia batzuetan aritzeko, eta horrek aberasten duela parte hartzaileen arteko solasaldia”.
Kontzetua doakoa izango da eta ez dira ibilbideak egin beharko bertara joateko, Bakiotik autobusak jarriko baitute.. Bertan, EuskoLabel produktuak izango dira jateko eta edateko bertaratzen direnentzat. Horrez gain, bertaratzen direnentzako autobus zerbitzuak jarriko dituztela aurreratu dute.
Beste ekitaldiak.
Uztailaren 25ekoaz gain, eskualdea zeharkatuko ez duten beste ekintza batzuk ere egingo dituzte aukeran. Esaterako, uztailaren 22an eta 23an kontzertuak eskainiko dituzte Hondarribian eta Arantzazuko Basilikan hurrenez hurren, eta propio sortutako emanaldi ikusgarriez gozatu ahalkodute bertaratzen direnek. Uztailaren 28an, aldiz, Gaintzan eskainiko dute emanaldia.