Lau tailer eskainiko dituzte, Bermeoko udako liburutegian
Uztailaren 30era bitartean gozatu ahalko da udako liburutegiko eskaintzagaz, eta bihar (uztailak 5) emango dute lehenengo tailerra.
Kokapen berriagaz zabaldu dute aurten Bermeoko udako liburutegia. Hain zuzen ere, uztailaren 30a bitartean, Talan dago adin guztien artean irakurtzeko ohitura sustatzea helburu duen txokoa.
Liburuak eta aldizkariak maileguan hartu daitezke, eta liburutegiko bazkide egiteko aukera ere badago bertan. Astelehenetan, 16:00etatik 19:00etara zabalduko dute, martitzenetik barikura 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta zapatuetan 11:00etatik 14:30era.
Horrez gain, umeei zuzendutako lau tailer emango dituzte, lau barikutan jarraian, 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era. Bihar (uztailak 5) izango da lehenengoa: Arte sortzailea. Uztailaren 12an, berriz, eskulan dibertigarriak eskainiko dituzte. Hirugarren saiokoa birziklapen tailerra izango da, eta azken barikuan, ipuinetako pertsonaiak izango dira protagonistak.
Aurrekoetan Aritzatxurako bidean kokatu zuten udako liburutegia, eta Bitor Uriarte Anasagasti udal liburutegiaren eta artxiboaren zinegotzi arduradunak esan bezala, herrigunetik hurbilago dagoelako aukeratu dute aurten Tala. Modu horretara, herritar gehiagorengandik hurbilago egongo dela uste du: “Tala udarako gune freskoa da, eta udaldian jende asko joaten da leku beroetatik ihesean; ume, gazte eta nagusi askoren topagunea da. Gainera, egoteko leku bat da, eta ez igarobide bat, Aritzatxuburua den modukoa”.
Tailerrak (12:00-14:00 eta 16:30-18:30):
- Uztailak 5: Arte sortzailea
- Uztailak 12: Eskulan dibertigarriak
- Uztailak 19: Birzikla tailerra
- Uztailak 26: Ipuinetako pertsonaiak