Gernika-Lumoko Udalak palestinarrentzako larrialdi humanitariorako diru laguntza onartzea adostu du
Gernika-Lumoko Udalak aho batez (Guztiontzako Herria, EH Bildu eta EAJ) onartu du Gernika-Palestina deialdi herritarrak aurkeztutako testua, eta bakea eta zuzenbidearen beharra "ezinbestekoak" direla adierazi du, bai munduan bai Palestinan.
Azken hilabeteetan maiz elkartu dira gernika-lumotarrak Israel Gazako zerrendaren aurka egiten ari den eraso “izugarria” eta palestinarren aurkako genozidioa salatzeko ekimenetan. Hori horrela, eta Gernikako seme-alabek, lobek eta ondorengoek historiako pasarte ilun honetan euren herria genozidioaren aurka eta Palestinako herriaren ondoan zegoela jakin behar dutela aintzat hartuta, Gernika-Lumoko Udalak aho batez (Guztiontzako Herria, EH Bildu eta EAJ) onartu du Gernika-Palestina deialdi herritarrak aurkeztutako testua —adierazpen instituzional bateratu gisa adostu dute—, eta genozidio hori nazioarteko zuzenbidearen aurkako urraketa “larria” dela adierazi du.
Gernikako herriak badaki sarraski bat pairatzea zer den. Memoria duen herria da, eta, horregatik, ozen adierazi dute Gernika berririk ez dutela nahi, ez hemen ez munduko beste inon, Palestinan barne. Ondorioz, Gernika-Lumoko Udalak Palestinari eta bertako herritarrei erabateko elkartasuna adierazi diete.
Horrez gain, bakearen eta zuzenbidearen beharra dagoela azpimarratu dute: “Biak ezinbestekoak dira munduan eta Palestinan. Su etena, desmilitarizazioa eta negoziazioa bermatu daitezen eskatzen dugu”. Horrek, halabeharrez eta urgentziaz, zera dakar: Israelgo estatuari Gazan giza baliabide guztiak sar daitezen exijitzea. Hala, ura, janaria eta palestinarren —eta bereziki haurren— bizitza bermatzeko baliabide guztiak eskuragarri izan ditzatela bermatzeko exijitu du udalak.
Gainera, Gernika-Lumoko Udalak larrialdi humanitariorako diru laguntza onartzea ere adostu dute, Palestinara modu seguruan helduko den bermeagaz tokian bertan lanean ari den elkarte bati emateko. Horrez gain, Gernika-Lumoko Udalak zera eskatzen dio Europar Batasunari: orain dituen eta etorkizunean izan ditzakeen harreman diplomatiko, instituzional, ekonomiko, armagintzakoak eta komertzialak etetera konprometitzeko. “Israel munduko begien aurrean erakusten ari den inpunitatea amaitu beharra dagoelako egin du eskaera udalak. Israelgo estatuak genozidioa amaitzen ez duen artean eta Nazio Batuen ebazpenak zorrotz bete ditzan exijitzeko eskaera da”, azaldu dute.
Egoera hori ematen den bitartean, udalak Palestinako bandera mantenduko du bere balkoian, eta, era berean, Gernika-Palestina elkarteak egingo dituen deialdiak zabaltzera konprometitu da.
37.000 hildako baino gehiago.
Euskal Herritarrak Palestianarekin daude, eta okupazioa eta gonozidioa salatzen dituzte. Izan ere, Israelgo estatuaren jokabidearen ondorioz, Gazan gosetea hedatzeko arriskua dago. Datuek argi hitz egiten dute: 37.000 hildako baino gehiago daude, eta horietatik 16.000 haurrak dira; milioi bat desplazatu daude Gazan, eta ura eta janaria bertan sartzeko oztopoak bainoa ez daude; ospitalak bonbardatzen ari dira…
Egoera “onartezina eta jasanezina” dela salatu dute behin baino gehiagotan Gernika-Palestina deialdi herritarreko kideek, eta beldur dira egoera “lazgarri” hori hedatzeaz. Hala, argi utzi dute euren jarrera: “Gernikako herria gara; herri solidarioa; ez dugu herri bakar batere utzi nahi indartsuenaren legearen menpe; herrien subiranotasuna onartzeko eskatzen dugu, etorkizuna kanpoko tutoretzarik gabe erabaki dezaten; desadostasunak modu negoziatuan konpontzeko eta eskalada militaristak ekiditeko eskatzen dugu”.