Bertso turismo saioa antolatu dute Busturian
Barikuan [uztailak 5] Abiña auzoan elkartuko dira, turismoak Busturialdera ekarri dezakeenaren inguruko bertso saio umoretsua egiteko.
Auzholan Elkartekoek Busturiko eta busturiarren bizitza soziala astindu nahi dute. Horretarako, askotariko ekimenak prest dituzte uda osorako. Lehendabizikoa barikuan [uztailak 5] bertan egingo dute. Turismoaren inguruko bertso saio umoretsua egingo dute 20:00etatik aurrera, Abiña auzoan. Ibai Amillategi, Koldo Gezuraga eta Aitor Arrizabalaga ariko dira kantuan.
“Guggenheim Urdaibai museoak eta turismoak orokorrean Busturialdera ekarri dezakeenaren inguruko bertso saioa izango da, parodia bezala”, azaldu dute. Hain zuzen ere, bertso saiora gaiaz mozorrotuta joateko deia egin dute eta guzti. Auzholan elkarteko kideek gaiak botako dituzte, betiere giro umoretsuan, eta bertsolariek kantuz landuko beharko dituzte.
Antolatzaileen helburua da hilabetero ekintza bi antolatzea, lehen eta hirugarren barikuetan, herriari “bestelako bizitasun bat” emateko helburuagaz. Horretarako, askotariko ekintzak antolatuko dituzte umorea, gastronomia edota musika protagonista izango direnak. Hori bai, “jarrera kritikoa” garatu nahi dutela esan dute. “Azkenaldian gazte asanbladak herriari emandako mugimendua luzatu nahi dugu programa zabal bat eskainiz”.