310 txirrindulari elkartuko ditu Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathonek
Zapatuan [uztailak 6] lehiatuko dute mendi bizikletako probaren bigarren aldia, hiru mailagaz eta ibilbide bigaz. XCM kategoriako Bizkaiko Txapelketa ere hartuko du. Izen emateetatik jasotako diruaren zati bat Aspanovas elkarteari emango diote.
Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak eta Bermeoko Udalak elkarlanean antolatuta, Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon txirrindulari probaren bigarren ekitaldia egingo dute zapatuan [uztailak 6]. Iaz 301 ziklista elkartu baldin baziren Bermeon, bigarren aldiak langa hori gainditu egingo du: 310 txirrindularik izena eman dute. Antolatzaileak “oso pozarren” agertu dira lasterketak jasotako erantzunagaz, eta “egun berezia” izango dela aurreratu dute. Aldapa Xtrem kirola, herrigintza eta elkartasuna barnebiltzen dituen proba da, Biosfera Erreserba bat zeharkatzen duen Euskal Herriko bakarra. Elkartasun edo solidaritate horren erakusle, izen emateekin eskuratutako diruaren zati bat Aspanovas elkarteari emango diotela aurreratu dute; minbizia duten ume nahiz nerabeen gurasoen elkartea da.
Aurten, Artza frontoiaren alboan hasiko eta amaituko dituzte ibilbideak
Irteera eta helmuga eremua izango dira aurtengo berritasun nagusia. Izan ere, Burujabetasun zelaitik Artza udal pilotalekuaren aldamenera lekualdatu dituzte. Hori horrela, parte hartzaile guztiek herrigunean bertan emango dituzte estreinako eta azkenengo pedalkadak. Tartean, ibilbide bi edukiko dituzte aukeran: Bike Luzea eta Bike Laburra. Lehendabizikoak 75 kilometro eta 2.650 metroko desnibela edukiko ditu; bigarrena 42 kilometro eta 1.600 metroko desnibelduna izango da. Hainbat eremutan, gainera, ibilbide biek bat egingo dutela iragarri dute, eta anoa postuak ere egongo dira bidean. Parte hartzaileen banaketari dagokionez, “nahiko orekatua” izango da, ziklistek erantzun “aparta” eman baitie bi aukerei.
Bike Luzea ibilbidearen barruan, proba herrikoia eta maratoi distantziako Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dituzte
Bike Laburra bere horretan proba herrikoia izango den arren, Bike Luzearen barruan kategoria bi egongo dira. Hain zuzen ere, lasterketa herrikoian parte hartu ahalko dute batzuek; horregaz batera, XCM edo maratoi distantziako Bizkaiko Txapelketa ere hartuko du ibilbide horrek. Horrenbestez, “maila handiko partaidetza” aurreikusten dute txapelketa horren lehian. Bizkaiko onena zehazteko proban ariko direnek 09:00etan edukiko dute irteera ordua; ibilbide luze eta herrikoia egin gura dutenek, ostera, bost minutu beranduago ekingo diote bideari. Azkenik, aukera laburreko parte hartzaileak 10:00etan ipiniko dira abian.
Dortsalak bihar nahiz egunean bertan batu ahalko dira
Dortsalei buruzkoak.
Ibilbide guztietako dortsalak batzeko, Artza frontoira jo beharko dela azaldu dute. Bihar [uztailak 5] nahiz zapatuan [uztailak 6] bertan batu ahalko dituzte. Bihar, 17:00etatik 20:30era bitartean bertaratu ahalko dira; zapatuan, aldiz, Bike Luzekoek 07:30ak eta 08:30ak artean batu ahalko dituzte, eta Bike Laburrekoek, 07:30ak eta 10:00ak bitartean. Ibilbide guztiak burututa, txirrindulariek frontoian bazkaltzeko aukera edukiko dute; halaber, food truck bat eta aldartea girotzeko musika egongo dira.
Xabier Ortuzar Butron Bermeoko alkateorde eta kirol zinegotziak “eskerrik beroenak” eman dizkie ekimenean parte hartu eta hura babestu duten denei. Hain zuzen, 100 boluntariotik gora ariko dira beharrean, eta Bizkaiko Gurutze Gorriaren zein Bermeoko Herri Babesaren laguntza edukiko dute. Ortuzarrek, era berean, Matxitxako TKTaren lantaldeak “egindako ahalegin handia” goraipatu du.