Uztaileko eguen iluntzeetarako hitzorduak jarri ditu Muxikako Udalak
Kultura bultzatzeko eta herritarrei kultur ekintza ezberdinak eskaintzeko asmoz, ‘Eguenetan ze einbizu?’ ekimena antolatu du, bigarren urtez, Muxikako Udalak. Bihartik uztailaren 18ko hiru eguenetarako diziplina anitzeko saioak prestatu dituzte udalerriko gune ezberdinetan.
Iaz, lehenengoz, uztaileko eguen iluntzeetan zer egin behar zuten galdetu eta kulturaz gozatzeko aukera eskaini zien Muxikako Udalak herritarrei. Iazko balorazio ona eginda, aurten errepikatzea erabaki dute, eta kultura bultzatzea eta herritarrei herritik atera barik aisialdirako eskaintza eskaintzea helburu hartuta, Eguenien ze einbizu? ekimena jarri dute martxan bigarrenez. Hala, uztaileko eguenetan, kultur eskaintza desberdinak egongo dira aukeran Muxikan eta Gorozikan.
Iaz egin legez, aniztasuna bilatu dute ekitaldiak antolatzeko orduan, eta denetariko eskaintza duten hiru hitzordu prestatu dituzte, “herritarrei aukera eta diziplina ezberdinak eskaini ahal izateko”. Hori horrela, bertso saio batez, kale antzerki batez eta kontzertu akustiko batez gozatzeko aukera izango dute saioetara bertaratzen direnek.
Bihar dute lehenengo hitzordua muxikarrek, eta Onintza Enbeita muxikarraren, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarraren, Uxue Alberdi elgoibartarraren eta Miren Amuriza berriztarraren bertsoez gozatuko dute horretan, izan ere, bertso saio musikatua eskainiko dute Ugarten.
Uztaileko bigarren eguenean, berriz, espazio publikoari eta jolasari buruz hausnartzen duen adin guztientzako kaleko ikuskizuna ailegatuko da Gorozikara, Goitibera Antzerki Konpainiaren Eraitsi S.L. antzerkiak girotuko baitu ingurua. Ikuskizuna izateaz gain, ikusleen parte hartzea bultzatzen duela aurreratu dute.
Hirugarren hitzordua, baina, Eñaut Elorrietagaz izango dute Ariatzan. Fantasia bira amaitu berri du abeslariak, eta hurrengo lan luzea ondu bitartean, Ateosteko biragaz ari da. Bira “txiki eta berezia” dela dio, antzokietatik irten eta ahotsa eta gitarra lagun dituela eliza, ermita eta baseliza inguruetan eskainiko duena. Hala, Elorrietaren doinuek beteko dute uztailaren 18an, Ariatza ingurua.
Denetariko ekintzak prestatzeaz gain, horiek ez dituzte leku berean antolatu, eta Muxika eta Gorozikan garatuko dituzte. Izan ere, udaletik beti egin dute ahalegina ekitaldi desberdinak udalerriko herri guztietara zabaltzeko. Iaz, Maumen, Ajurian, Gorozikan eta Ugarten izan ziren ekitaldiak, eta aurten beste gune batzuetarako prestatu dituzte horiek.
Egitaraua.
Bihar, uztailak 4.
19:00. Bertso saio musikatua, Ugarten.
Uztailak 11.
19:00. Eraitsi S.L kale antzerkia, Gorozikan.
Uztailak 18.
20:00. Eñaut Elorrietaren kontzertu akustikoa, Ariatzan.