Osasun sailak gomendatu du San Antonion eta Laidako itsasadarreko hondartzetan ez bainatzeko
Uraren kalitatea puntualki behar bezalakoa ez delako hartu du erabakia; izan ere, bainatzeko uren egoera horrek asteburuan Bizkaian izandako prezipitazio handiekin du zerikusia.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak bainatzeko uren kalitateari buruz aldiro egiten dituen analisien barruan, Bizkaiko hainbat hondartzatan araudian ezarritako kalitate irizpide mikrobiologikoen ez-betetze puntual bat antzeman da, besteren artean, San Antonioko hondartzan zein Laidako itsasadarreko hondartzetan. Araudiaren ez betetze horrek asteburuko prezipitazio handiekin du zerikusia.
Emaitza horiek kontuan hartuta, eta prebentzioz eta aldi baterako, Osasun sailak hondartza horietan ez bainatzea gomendatu du.
Horrez gain, bainatzeko uretako kutsaduraren jarraipena egiteko aurreikusitako jarduera protokoloa aktibatu du Osasun sailak, eta gertakari horien berri eman die horretan eskumena duten gainerako erakundeei, gertakari horien aurrean jarduteko prozedurak aktibatzeko: Bilbao Bizkaia ur Partzuergoari, aldundiari eta kasuan kasuko udalei jakinarazi die Osasun sailak egoera hori.
Osasun sailak egunero jarraituko du uraren kalitatea aztertzen, gertakaria amaitu arte, eta jasotako emaitzen berri emango du. Aurreikusi dutenez, arazo hori, eguraldi txarrarik ez badago, bizpahiru egun barru amaitu beharko litzateke.