Guztiontzako Herriak abiatutako proiektuak aurkeztu ditu
Kudeatzen hasita dauden bederatzi hirigintza proiektu argitara eman dituzte. Jose Mari Gorroñok "lasaitasunerako deia" luzatu die herritarrei, "mezu alarmistei kasurik egin barik".
Guztiontzako Herria alderdi politikoaren lantaldeak agerraldia egin du gaur [ekainak 3], kultur etxean. Bertan, lehenik eta behin, gogoratu eta salatu gura izan zuten ekainaren 12an Gernika-Lumoko Udaleko oposizioan dauden alderdi bien aldetik (EH Bildu eta EAJ-PNV) “blokeo politikoa” jasotzen ari direla eta, aipatutako blokeo horren erakusle, adierazi zuten martxan ipini nahi dituzten proiektuetako askoren aurka egin dutela alderdi horiek, “egitasmo horietako batzuk beraien hauteskunde programetan egon arren”.
Ekimen horien artean, honakoak nabarmendu zituzten: anbulatoriorako arrapala mekanikoa; Aita Luis Villasante parkearen zabalkundea eta estaltzea; Pasealekuko eskoletan liburutegi berria eraikitzeko ideia lehiaketa; Bidebusa autobus zerbitzuaren jarraipena; jubilatuen zentroarentzako diru laguntza; eta, azkenik, berehalako jarduketarako brigada zerbitzuaren lizitazioa.
Ekimenok “zerbitzu eta azpiegitura oso garrantzitsuak” direla nabarmendu dute: “Gernika-lumotarren eguneroko bizitzari kalitatea emango liokete”. Hori horrela, eta ekainean aurreraturikoari jarraituz, GHk “herritarrentzako proiektuak” aurrera eroan asmoz, kontsultak egin dizkiete “hainbat juristari eta udal langileri”. Kanpo aholkularitza hori jaso ondoren, argitara eman dute “argi berdea” dutela hainbat proiekturi hasiera emateko: “Bizkaiko Lurralde Historikoko Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzko abenduaren 2ko 10/2003 Foru Arauaren V. kapituluko 34.2 artikuluak bermatzen du proiektu horiek aurrera eramatea“.
Egitasmo horietako zenbait, gainera, martxan jarri dituzte dagoeneko: Bidebusari dagokiona, adineko pertsonen urteroko bazkaritarako diru laguntza, beheralako jarduketarako brigada zerbitzuarena eta arrapala mekanikoa. Liburutegi berria sortzeko ideia lehiaketa abiatzea “jorratzeko bidean” dago, eta adierazi zuten “alde guztien arteko adostasuna lortzeko lan” egingo dutela.
Aurtengo jardunaz.
GHk, horrez gain, aurten abiatutako ekimenen nondik norakoak azaldu zituzten. Hasita dauden ekimen horiek “denbora gutxiren buruan” bistaratzen joango direla adierazi zuen Jose Mari Gorroñok. Bidebusa herritarrentzako autobus zerbitzuak “orain arte bezalaxe” jarraituko duela adierazi zuen: “Doako zerbitzua izango da, eta lizitazio fasean dago”. Anbultoriorako arrapala proiektuari dagokionez, azaldu zuen “erredaktatzen” direla eta obren esleipena “udazken ingururako” egitea aurreikusten dutela.
Urbietarako pasabidea, azkenaldian herrian zeresan gehien sortu duen eremuetako bat, da egin gura duten egitasmo nagusienetako bat. Proiektua “hasita baina fabrikazioan” dagoela azaldu zuen Gorroñok: “Fabrikan eraikitzen ari dira; izan ere, egurraren umeltasun maila egokia lortu beharra dago, eta horretarako iroko zuhaitzaren egur mota baliatuko dugu. Egur berezia, gogorra eta iraukorra da. Gainera, pasabide berria estalia izango da”.
Urbietarako pasabidea ez da estali gura duten esparru bakarra. Izan ere, Zearretako kirol azpiegiturak ere estaliak izan daitezen lanean ari da GH. “Hobekuntza handia” izango dela iragarri zuten, “batez ere Allende Salazar Ikastetxeko eta Seber Altube Ikastolako ikasleentzat”. Memoria historikoa “lantzeko” bidean, Astrako Babeslekua ere estali du udalak. Errenterian eraiki duten txakurgunea ere aipatu zuen Gorroñok, baita Lizeo Antzokiko azpiegituren berritzea ere. Ez hori bakarrik “Kultur etxeko erakusketa aretoa berritzen ari gara, itxura hobea izan dezan”.
Gernika-Lumoren eta Busturialdearen “suspertze ekonomikoa” ere hizpide izan zuten. Suspertze hori bultzatzeko, garro biko estrategia proposatu zuten: industrian eta formakuntzan oinarritutakoa. Lehen aldeari dagokionez, Gernika-Lumoko Vegako orube industriala erostea da ardatza, “bertan zuzeneko 1.200 lanpostu baino gehiago sortuko lituzkeen Eco-Berrikuntza Jasangarrirako Parkea eraikitzeko”. Formakuntzaren adarra Goi Mailako Lanbide Heziketarako zentro bat eraikitzea da jomuga: “Han, ingurumen bioteknologia, uraren zikloo, ingurugiroaren berreskurapena eta parekoak irakatsiko lirateke, besteak beste”.
Abiatutako azken egitasmoak gazteen alokairurako etxebizitzen eraikuntzari dagokio. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolakuntza zuzendaritzagaz lanean ari dira, herrian 60 etxebizitza eraiki ahal izateko: “Helmuga da gazte gernika-lumotarrek herrian alokairu eskuragarriak eduki ditzatela”.
Baikortasunerako deia.
Gorroñok gernika-lumotarrei “baikortasunerako eta lasaitasunerako deia” luzatu zien, “mezu alarmistei kasurik egin barik”: “Alderdien artean gorabeherak egonda ere, udal kudeaketak aurrera egingo du, eta zerbitzuek normaltasun osoz funtzionatuko dute”.