Elantxobeko Mendi Martxa aurreikuspenik onenagaz dator
Izen ematea goi-goitik bete dute mendizaleek, eta 500 lagun elkartuko dira zapatuan [uztailak 6].
Zapatuan [uztailak 6], Elantxobeko Mendi Martxaren X. aldia egingo dute, eta Atxurkulu Mendi Klubeko antolatzaileak ezin daitezke pozago egon: mendizaleek erantzun bikaina eman diote mendi martxarako deialdiari. Hain zuzen ere, aurretiazko izen ematea bete egin da eta, ondorioz, 500 lagun elkartuko dira asteburuan Elantxoben. Hori horrela, antolakuntzatik iragarri dute ez dela egongo egunean bertan izena emateko aukerarik.
Ibilbide bi edukiko dituzte aukeran parte hartzaileek: 11 eta 22 kilometrokoak. Biek ala biek Elantxobeko portuan edukiko dute irteera zein helmuga eremua. Aukera luzea hautatzen dutenek 08:30ean ekingo diote bideari, eta laburrekoak 10:00etan. Bidean, gainera, anoa postuak topatuko dituzte: “Parte hartzaile guztientzako anoa postu likidoak nahiz solidoak egongo dira, eta ez da ezer faltako”.
Behin ibilbide biak amaituta, mendizaleek helmugan ere jana, edana nahiz jai giroa edukiko dutela aurreratu dute antolatzaileek: “Indarrak berreskuratu ondoren, portu inguruan jaia gailentzea gura dugu; eguraldi ona eginez gero, toki ederra da bertan geratzeko eta bainua hartzeko. Mendi martxaz gain, parte hartzaile guztientzako egun osoko ospakizuna proposatzea dugu helburu”.