Astra iluntzeen musikak girotuko ditu iluntzeak
Bihar [uztailak 3] bueltatuko dira Astra Iluntzeak, eta uztailaren 31ra arte eguaztenero —uztailaren 17an salbu— entzungo dira doinuak kulturarako fabrika sozialean. Aurtengo kartela herriko bederatzi eragileren artean osatu dute.
Udako eguzkiak bat egiten du Astra Iluntzeenagaz, eta iluntasuna argiz betetzeko asmoz, bueltan datoz Astrako eguazten iluntze musikatuak. Udako iluntzeak, lagunak, musika eta jana dira osagai nagusiak, eta horiez guztiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek bihar [uztailak 3] hasi eta uztailaren 31ra bitartean eguaztenero, uztailaren 17an salbu.
Aurten, bederatzi eragilek elkarlanean prestatu dituzte hile amaierara bitarteko lau iluntzeetako emanaldiak, eta eguazteneroko kontzertuak 20:00etatik aurrera izango dira kulturarako fabrika sozialaren kanpoaldean; euria eginez gero, barruan izango dira emanaldiak. Bertan, Baserritik Gernikarari esker, jateko eta edateko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.
Ikasturteko egitarau zabala amaituta, urteroko esentzia izaten segitzen duten ekitaldiak prestatu dituzte udalerriko eragile politiko eta kultur taldeek udarako, eta horren erakusle den egitaraua prestatu dute; izan ere, kultura “beharrezkoa” dela erakutsi gura dute beste urte batez. Asko dira Astran egunerokotasunean espazioa elkarbanatzen duten kultur talde, kolektibo politiko zein ikastaroak, eta elkarregaz antolatu dituzte oraingoan ere, udako eguzten arratsaldeetako zitak.
Autogestioari jarraituz, urte asko igaro dira Astran elkarte, talde eta eragileak herriarentzat eta herritarrentzat beharrezkoak ziren eskaintzak eskaintzen hasi zirenetik, eta Gernika beste era batera eraiki daitekeela erakutsi dute. Autogestioan oinarritutako kultura hori aldarrikatu eta praktikatzen dute, eta horren adibide dira Astra Iluntzeak. Hala, denon kultura sustatzeko lanean aritu dira oraingoan Swing, Antzerki, Astratxiki, Lilibertso, Sare, Mobidu, Enbata, Gernika-Luma eta Mugimendu Sozialista.
Hain zuzen ere, Swing, Antzerki eta Astratxikik antolatutako kontzertuagaz hasiko da aurtengo ekimena bihar. Asago Taldea izango da protagonista, eta bertso saioak hartuko du haren lekua; uztaileko bigarren eguazten horretan Koldo Muñiz eta Janire Arrizabalaga gernika-lumotarrak, Aissa Intxausti lekeitiarra eta Uxue Alberdi igoko dira oholtzara. Gero, hilaren 24an, umorezko bakarrizketak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta umoregileen artean, Asier Galarza muxikarra ariko da. Aurtengo egitaraua Elena kantautoreak borobilduko du.
Iluntzeek harrera ederra egingo diote udari, eta herritarrei kulturarako fabrika soziala bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek. Gerturatu, gozatu eta izan proiektuaren parte.
Egitaraua.
- Bihar, uztailak 3. Asago Taldea. Antolatzaileak: Swing, Antzerki eta Astratxiki.
- Uztailak 10. Bertso saioa Aissa Intxausti, Uxue Alberdi, Koldo Muñiz eta Janire Arrizabalaga. Antolatzaileak: Lilibertso eta Sare.
- Uztailak 24. Umorezko bakarrizketak Ander Malbadi, Julen Pagazaurtundua, Asier Galarza eta Maialen Sorzabalbereren eskutik. Antolatzaileak: Mobidu, Enbata eta Gernika-Luma.
- Uztailak 31. Elene Kantautorearen kontzertu. Antolatzaileak: Mugimendu Sozialista.