Euskal Herriko eta nazioarteko jazz izarrak Jazzberren elkartuko dira
Bermeoko jazz jaialdia uztailaren 3a eta 5a bitartean egingo dute, Kafe Antzokian, doako sarreragaz. Victor de Diego Group, Seada Quartet eta Flen izango dira aurtengo protagonistak.
Iaz 25. urtemuga goi-goitik ospatu ondoren, Jazzber Bermeoko jazz jaialdia bere 26. aldira iritsiko da aurten. Festibala indartsu, egonkortuta eta gaurkotuta dago, eta aurtengo egitaraua horren erakusle argi eta garbia izango da: Euskal Herriko nahiz nazioarteko jazz alorreko talenturik azpimarragarrienetako zenbait oholtzaratuko dira Kafe Antzokian, uztailaren 3tik 5era bitartean. Edukiera bete arteko doako sarreragaz, “ekitaldi ahaztezina” izatea espero dute jaialdiaren Jizz Jazz Kultur Taldeko antolatzaileek.
Jaialdi osoa jazz musikaren inguruan antolatu ohi dute, helburu hirukoitza aintzat izanda: Batetik, Busturialdeko jazz jaialdi bakarra izanik, eskualdean musika estilo horrekiko zaletasuna sustatzea bilatzen dute; bestetik, jazz mundua herritarrei hurreratzea; horiekin batera, jazzaren barruko joerarik berrienak ezagutzera ematea. Azken urteetan ezarritako “maila handia” mantentzea izan da aurtengo erronka nagusia, antolakuntzan diharduen Joseba Verdesek azaldu duenez: “Azken urteotan legez, aurtengo ekitaldian ere maila handia bermatuta egongo da”.
Victor de Diego Group taldea izango da jaialdiari ekiteko arduraduna, uztailaren 3an. 40 urteko eskarmentuagaz, egungo jazz musikaririk trebeenetakoa da. Ez da kasualitatea bere proiektu propioekin zazpi album kaleratu izana, eta hirurogeitik gora, berriz, sesioko musikari legez. Bilbotarra aurtengo aldiko “erakargarri handienetakoa” izango dela iragarri dute. Jaialdiaren bigarren protagonista Seada Quartet talde galiziarra izango da. A Coruñako musikari laukotea nazioartean jotzen aritutakoa da, eta “jazz moderno nahiz eklektikoa” jorratzen dute; “konposizio originalak eta soinu propioaren bilaketa” dira beraien bereizgarriak. Flen taldeak edukiko du jaialdia zarratzeko ardura. Nazioarteko apustu argia da: Suediako eta Danimarkako kidez osatuta dago, eta 2023an Välkommen till FLEN izeneko lana ondu dute. Haize sekzioak oinarri erritmikoagaz uztartzen maisuak dira, eta “adierazkortasun aukera ugari” eskaintzen dituzte.
“Jaialdi erreferentea”.
Bermeoko Udaleko kultura zinegotziak, Endika Etxebarria Telleriak, Jazzberrek doako sarreragaz eskaintzen duen “maila handia” nabarmendu du: “Uda sasoian jazz musikaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du, eta udalerrira maila handiko taldeak ekartzen ditu; jaialdi erreferentea da geure eskualdean”. Nadia Nemeh Shomaly alkateak, bere aldetik, antolatzaileak eskertu gura izan ditu: “Urterik urte kalitatezko programazioa lortzeko, lan handia egiten dute antolatzaileek. Helmuga nagusia da herritarraki kulturaren parte eta jabe izan daitezela eta, hori lortze aldera, udalaren eta herriko eragileen arteko erkarlana funtsezkoa da”.