Umeak herri kiroletara hurreratu asmoz
Sustabiz Fundazioaren Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Parte Hartzaileak oso arrakastatsuak izan dira Busturiko Axpen. Datorren asteburuan, Elantxobera iritsiko dira.
Sustabiz Fundazioak Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Parte hartzaileak herri kirol topaketa antolatu zuen zapatuan [ekainak 22], Busturiko Axpe auzoan. Herritarrek fundazioaren deialdiari ederto erantzun zioten, eta hainbat lagun elkartu ziren pilotalekuan. Harrobia eta herri kirolen transmisioa ardatz izanik, 6 eta 14 urte bitarteko umeak eta gaztetxoak izan ziren protagonista. Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko kideak izan ziren frontoira kantxaraten lehendabizikoak, esku pilota partiduetarako.
Jarraian, eguneko gailurretako bat ailegatu zen: Oinatz Bengoetxea (Bengoetxea VI.a) pilotari profesional ohiagaz frontoian aritzeko aukera eduki zuten bertaratutakoek; Nafarroako Lau t’erdiko txapel bi eta Eskuz Banakako Masters bat irabazitako leitzarrak esku pilota praktikatzeko argibideak eta teknikak irakatsi zizkien animatu ziren haurrei. Ondoren, Irati Astondoa herri kirolari zeanuritarrak, 2020ko Urrezko Aizkolarien Banakako Txapeldunak, aizkoragaz trebatzen irakatsi zien.
Jardunaldia erabateko herri kirol erakustaldiagaz borobildu zuten. 12:30ean, eskualdeko herri kirolariak kantxaratu ziren, harri-jasotze saiorako: Zihara Zabala foruarra, Ane Atxutegi usansolotarra, Leire Astoreka eta Iñaki Rafael gernika-lumotarrak eta etxeko kirolari Engels Bello busturiarra.
Axpeko jardunaldi parte hartzailearen balorazio arrakastatsua egin ondoren, Sustabiz Fundazioa hurrengo emanaldiei begira dago honezkero. Zapatuan [ekainak 29], Elantxoben egongo dira jardunaldi parte hartzaileak; Elizabarri plazako frontoian ipini dute hitzordua, 17:00etan. Domekan [ekainak 30], ostera, Mundakako plazan herri kirolen erakustaldia egingo dute, 13:00etan.