Udako eguenetan, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera
Arbolapean kultur programa abiatu du beste urte batez Gernika-Lumoko Kultur Etxeak. Segundo Olaeta Musika Eskolako Konboa, Ziraun taldea, Zuga Band eta Mikosis taldea izango dira Seber Altubeko Auditorioan.
Kultura eta arte eszenikoak herritarrengana gerturatzeko asmoz, Arbolapean kultur programa abiatu zuen 2022an Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, eta musika kalera ateratzeko erabakia hartu du aurten ere. Hala, eguen honetan hasi eta uztailaren 25a bitartean, zuzeneko musikak hartuko du Seber Altube Auditorioa eguenetan. Etzi[ekainak 27] hasiko dute ekimena, eta Segundo Olaeta Musika Eskolako Konboak arduratuko dira kontzertu zikloari hasiera emateaz.
Ziraun talde gernika-lumotarraren txanda izango da uztailaren 4an, eta Zuga Band proiektuak eskainiko du kontzertua uztailaren 11an. 18an, Haziberri jaialdia ospatuko da Europako Herrien Parkean, eta ondorioz ez da Seber Altubeko Auditorioan kontzerturik izango. Mikosis taldeak agurtuko du Arbolapean programa, uztailaren 25ko zuzenekoagaz.
Kultura herritarrengana gerturatzeko asmoz abiatu zuten Arbolapean proiektua kultur etxeko ordezkariek. Iparragirreren Gernikako Arbolaren gerizpean garatuko den kultur egitarau modura aurkeztu zuten ekimena, hainbat urtetan udalerrian egiten ziren Udako Musika Jardunaldiak oinarri hartuta, eta apustu horregaz jarraitzen dute aurten ere.
Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleen lana balioan jartzea ere bada asmoa, baita Gernika-Lumoko sortzaileen lanari zabalkundea ematea eta euskara eta euskal kultura sustatzea ere.