Jolas arteko jai giro ederrean igaro dituzte sanpelaioak Belendizen
Herri askotan sanjoanak ospatzen zituzten bitartean, San Pelaio jaietan murgilduta egon dira belendiztarrak. Azken urteetako egitarauari eutsi diote oraingoan ere, eta lagun artean, denetariko ekintzez gozatu dute asteburuan.
Urtero legez, Paella Txapelketa izan ohi da jaietako elkargune nagusia, eta horrela izan zen txapelketa antolatu duten hamargarren aldian ere bai. Zapatu eguerdian, batzuek paellak prestatzen zituzten bitartean, ondo pasatzeko aukera izan zuten gaztetxoenek; izan ere, jolasak eta artelanak egiteko aukera izan zuten. Bazkalostean, umeentzako herri kirolek eta puzgarriek bete zuten Belendizko plaza. Musikak, makailau eta urdai janak eta erromeriak jarri zuten giroa gauean.
Domekan ere zer egin egon zen Arratzuko auzoan. Umeen pilota txapelketak eta txakolin eta sagardo dastaketak izan zituzten aukeran. Edan beharrekoak probatuta, Pontx pailazoak umore ona jarri zuen arratsaldean. Sartenekoagaz amaitu zuten domeka gaua. Eta, gaur, ekainaren 26an, sanpelaio eguna ospatzeko mezan elkartu dira.