Eguraldi txarrak ere ezin du Gautegiz Arteagako gazteen gogoarekin
Eguraldi txarrak baldintzatuta, asteburuko plana moldatu behar izan dute Artiako Gazte Asanbladakoek. Helburuak, baina, bete dituzte, eta herritarren arteko saretzea bultzatzen jarraitzeko nahia adierazi dute.
Eguraldi “kaxkarrak” baldintzatuta, Gautegiz-Arteagako gazteek astebururako zuten plana “pixka bat” aldatu behar izan dute. Helburua, baina, bete dute. Herriko belaunaldi desberdinen arteko harremanak indartu dituzte euskarari esker, eta herrigintzan parte hartzeko gazte berriak erakarri dituzte.
09:30ean geratuta zeuden arren, euria zela eta, 12:00etara atzeratu zuten plazako hitzordua. Gainera, gaueko eguraldiaren aurreikuspenari helduta, Natxitxuko lotaldiari uko egitea erabaki zuten. Horrela, eguerdi partean atera ziren Eara bidean, “gogotsu eta ondo pasatzeko asmoz”.
Gautegiz-Arteagako elizatik Ereñorako bidea hartuta ekin zioten zapatuko ibilbideari, “erritmo lasaiarekin” eta “euskara hutsean“. Ereño atzean utzita, Earako bidea hartu zuten, eta helmugara helduta bazkarian berreskuratu zituzten ibilaldian utzitako indarrak. Eguraldiak lagundu ez arren, batzuk uretara sartzea erabaki zuten, eta gainontzekoek bertako tabernan zerbait hartzen pasa zituzten bazkalosteko orduak.
Arratsaldean behar bezala murgiltzeko, harremanak sendotzeko joko batzuk antolatu zituzten, eta jarraian Eako elizan Arteagako abesbatzak eskainitako kontzertura hurbildu ziren Artiako Gazte Asanbladako gazteak.
Ostean, bertso poteoan berotu zituzten motorrak, eta indartsuenek Dj Bullen musika saioan utzi zituzten egun luzetik geratu zitzaizkien indarrak.
Gazte asanbladatik asteburuko balorazio “oso positiboa” egin dute. Antolakuntza lanetan zehaztu zituzten helburuak “beteta”, gauzak antolatzen jarraitzeko ilusioa dute. Asteburuan, gainera, gazte berriak hurbildu dira, eta horietako batzuk asanbladetara hurbilduko direla aurreratu diete, beraz, “ezin pozago” daude.