Datorren ikasturteko ikastaroak aurkeztu ditu Kultur Etxeak
Zazpi ikastaro prestatu dituzte 2024-2025 ikasturterako, eta uztailaren 1tik aurrera eman daiteke izena.
2024-2025 ikasturteko ikastaroak aurkeztu ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak. Orotara, zazpi izango dira urria eta ekaina bitartean eskainiko dituzten ikastaroak, eta uztailaren 1an hasiko da horietan izena emateko epea. Argazkigintza, Esku Lanak, Kontatu Irudi Hau, Arteskola, Bitxigintza, Egur Lanketa eta Arte Sormena ikastaroak eskainiko dituzte.
Jakinarazi dutenez, ikastaro bat egiteko ikasleen gutxineneko zenbatekoa zortzi lagunekoa izango da eta gehienezkoa 12koa. Bitxigintza ikastaroan izan ezik, non gehienezkoa 10ekoa izango da. Ikastaroan izena edonork eman dezaken arren, Gernika-Lumon erroldatutakoek izango dute lehentasuna.
Kontatu Irudi Hau ikastaroaren bitartez, herritarrek Gernika-Lumoko ondarea irudien bidez identifikatzen ikasiko dute. Doako ikastaroa izango da, eta martitzenetan eskainiko da, 17:30etik 19:30era. Aldabak antolatutako ikastaroa da.
Argazkigintza ikastaroaren kasuan, asteazkenetan eskainiko dituzte, eta 17:30etik 19:30era batuko dira tailerrean. Photoka elkarteak dinamizatuko ditu tailerrak, eta ia 62 euro ordaindu beharko dira hiruhilabetero. Langabetuek eta pentsiodunek 40 euro ordaindu beharko dituzte.
Esku lanen kasuan, talde bi osatzea da Kultur Etxearen helburua. A taldekoak astearteetan eta ostegunetan batuko dira, 10:00etatik 12:00etara, eta B taldekoak egun berdinetan, 17:30etik 19:30era. Ia 124 euro ordaindu beharko da hiruhilekoa, eta langabetuek eta pentsiodunek 80 euroren truke izango dute eskaintza.
Bitxigintzan ere talde bi antolatu dituzte. Batzuk astelehenetan batuko dira 17:00etatik 19:45era, eta besteak ostiraletan ordutegi berdinean. Camila Bayonak eskainiko ditu tailerrak, eta ia 93 euro ordaindu behar da hiruhilabetekoa. Pentsiodunek eta langabeek, ia 62 euro.
Egur lanketan, hiru talde aurreikusi dituzte. Lehenengo taldea, 10:00etatik 12:00etara batuko da astelehenetan; bigarrena, asteazkenetan tarte berdinean; hirugarren taldea asteazkenetan batuko da 17:30etik 19:30era. Ia 62 euro ordaindu beharko dira hiruhilabetero, eta langabetuek eta pentsiodunek 40 euro.
Arte Sormenaren ikastaroaren kasuan, Maria Jose Dapousak eskainiko du, eta astelehenetan batuko dira 17:30etik 19:30era elkartuko dira. 40 euro izango da hiruhilabetekoa.
Arteskolaren kasuan, beranduago hasiko dira ikastaroak, eta interesa duenak urriaren 10ean joan beharko du Arteskolara.