Busturialdeak KAE2ko denboraldiari ekin dio
Bosgarren eta laugarren amaitu dituzte denboraldi erregularreko lehen hitzordu biak, Astilleron eta Pasai Donibanen. Zapatuan [ekainak 29], etxeko uretan, 36. Elantxobeko Traineru Estropadan ariko dira.
Solstizio aldaketagaz eta udaren ailegaeragaz, denboraldiaurrean eginiko isileko behar guztia frogatzeko unea iritsi zaio Busturialdea Arraun Taldeari: KAE2 mailako lehia hasi dute. Iragan asteburuan eman zioten hasiera denboraldi erregularrari, hitzordu bikoitzagaz: zapatuan [ekainak 22] Kantabrian lehiatu zuten, Guarnizoko XX. Bandera; domekan [ekainak 23], ostera, Gipuzkoan aritu ziren, 39. Pasaiako Ikurriñan. KAE2ko eskifaientzat ez ezik, KAE1 eta ETE ligetako traineruek ere abiatu zuten lehiaketa sasoia zapatu-domekan.
Astilleron, etxeko taldea nagusitu zen, lau luzeak 20.54, 09ko denboran egin ondoren. Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren, Donostiarra (21.08,18) eta Hibaika (21.10, 82). Busturialdea podiumetik minutu erdia ingurura helmugaratu zen: bosgarrena izan zen eskualdeko lantaldea, 21.41,20koagaz. Postu horrek hiru puntu poltsikoratzea ahalbidetu zien. Domekako lehian, Pasai Donibanekoan, beste talde kantabriar bat izan zen sendoena: Castreña. Castro Urdialesko eskifaiak banakako erlojupeko lehian ez zuen aurkaririk topatu, 22.43,47ko denboragaz irabazi baitzuen itsas baldintza gogordun estropada. Bederatzi segundo beranduago burutu zituen lanak Donostiarrak (22.52,82), eta segundo bakarragatik hobetu zuen hirugarren sailkatutako Astilleroren erregistroa (22.53,19). Busturialdeak, bere aldetik, lehen hiru postuen lehiatik hurrago amaitu zuen: laugarrena izan zen, 23.17,93koagaz.
KAE1 mailan, San Juanek irabazi du Pasai Donibanen, baina Hondarribia B kanporatu egin dute
KAE1 mailan, polemika nagusitu zen. Izan ere, San Juanek poltsikoratu zuen garaipena, baina Hondarribia B kanporatu ostean. Epaileek ebatzi zuten Hondarribiaren traineruak traba egin ziola San Juani, eta horren ondoren hartu zuten aipatu erabakia. 20.36,66ko denbora eginda eskuratu zituen San Juanek 12 puntuak; bigarren postuan, Zumaia sailkatu zen (21.12,42), eta lehen hiruren podiuma Lapurdik osatu zuen (21.19,67). ETE Ligako arraunlarientzat ere, denboraldia bete-betean hasi da asteburuan. Astilleron, Zumaia (11.09,49) nagusitu zen, Astillero ozta-ozta gaindituta (11.10,18); Kaiku Nortegas hirugarrena izan zen, 11.15,77koagaz. Pasai Donibanen, lehen hirurak postu berberean helmugaratu ziren: Zumaia garaileak 11.46,39an gelditu zuen erlojua; Astillerok, 11.47,08an; Kaiku Nortegasek, berriz, 11.54,40an.
Asteburuan, Eusko Label eta Eusko Tren ligak ere abiatuko dituzte, Galizian
Datorren asteburuan, lehiagaz jarraituko dute KAE eta ETE ligetako parte hartzaileek. Ez hori bakarrik: Eusko Tren eta Eusko Label ligak ere abiatuko dituzte, Galiziar uretan (zapatuan, A Coruñan; domekan, Bueun). Busturialdeak etxeko estropadan lehiatuko du zapatuan [ekainak 29]; 11:00etan hasita, 36. Elantxobeko Traineru Estropada-Gernikaplac Saria lehiatuko dute KAE2 mailakoek. KAE1ekoek, aldiz, Lapurdin eta Gipuzkoan edukiko dituzte hitzorduak: zapatuan, Donibane Lohizune-Ziburuko 32. Ikurriña egingo dute; domekan, Zumaiako 39. Ikurriña.
Bisonteak, podiumean.
Aipatutako lehiaketez gain, beterano mailako ABE Ligako estropada ere egon da iragan asteburuan. Mundakak, hain zuzen, IV. Beteranoen Estropada hartu zuen. Itsas baldintza gogorrekin aritu ziren parte hartzaile guztiak eta, egoera gaitz hartan, Badok izan zen sendoena. Bigarren postua liga horretako beste partaide boteretsuenetako batentzat, Getxorentzat, izan zen. Etxeko eskifaiak, Mundakako Beteranoek, podiuma osatu zuten. Bisonteak hirugarren izan ziren etxeko proban.