Suak berotuta eta errekak blaituta
Gaurtik eguaztenera, San Joan jaiak ospatuko dituzte eatarrek. Jai Batzordeak herriko ohiturak, musika, gastronomia eta, batez ere, kaleko ospakizuna oinarri dituen egitarau oparoa ehundu du.
Eako herritarrak jai giroan murgiltzeko prest daude. Gaur [ekainak 21] bertan ipiniko dituzte abian San Joan jaiak: herriko ospakizun nagusia. Urtero egiten duten legez, herritarrek Kaiarrian ekingo diote jaiari. Izen hori duen haitzera batel zein itsasontzietan joango dira eta, behin bertaratuta, hango ikurrina mastan altxatuko dute, ospakizuna hasi den zantzu. Suaren eta uraren jaiak dira sanjoanak eatarrentzat: San Joan suaren inguruan lerratu arren, errekan blaituta amaitu ohi dituzte. Aurtengoa ez da inondik inora gutxiagorako izango.
Eako Jai Batzordeko antolatzaileek “kaleko jaiak” bezala bataiatu dituzte sanjoanak: “San Juan elizan egingo den Gautegiz Arteagako koruaren emanaldia izan ezik, gainontzeko ekimen guztiak kalean egingo ditugu; kalea eta herria bera da ospakizunaren muina”. Hori horrela, herritarrekin, tokiko eragileekin eta tabernariekin “zuzeneko hartu-emanean” antolatu dituzte jaiak.
Gaur, Eztandap eta Altxa Porru igoko dira gaur oholtzara
Musika izango da ardatzetako bat: gaur gauean, Eztandap taldea eta Altxa Porru erromeria oholtzara igoko dira. Datozen egunotan, gainera, estilo nahiz itxura guztietako musika egitasmoak egongo dira herrian. Batzuk urterokoak izango dira: Ardoa Barrura fanfarrea eta Danbayan batukada. Beste batzuk, aldiz, egitarauan berriagoak izango dira, batik bat, DJ Bull-en emanaldia, Erdizka lauetan musika ibiltari saioa edo Paco Sanchez disko festa.
Urtero moduan, biharko herri bazkariak jendetza bilduko du
Bihar, eatarrak herri bazkarian elkartuko dira: “Egitarauko interesgune nagusienetakoa da”. Bazkalostean, gainera, bingo musikatuan bilduko dira herritarrak. Horrez gain, bertsotarako tarterik ere izango da: Lilibertsoko kide bik, Julen Ibarguengoitia eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarrek, girotuko dute bihar iluntzeko bertso poteo herrikoia. Domekan, suak zeruak eta lurrak hartuko ditu, hondartzan: 22:30ean su artifizialak botako dituzte, eta San Joan sua piztuko dute.
Jaietarako azalberrituta.
Jai batzordeak San Joan jaietako kamiseta berria diseinatu du aurten, eta herritarrek eurena jaso dute. “Mahoi kolorezkoa da, jaietako azken egunean, errekara salto egitean, ibili ohi dugun kolorea errespetatzen duena. Asmoa da eatarrek aurten nahiz datozen urteetan euren herriko kamisetak edukitzea; horrez gain, Madalen Eguna edo Antzar Eguna moduko inguruko ospakizunetarako ere baliagarria izatea bilatu dugu”, azaldu dute.
Eguaztenean, ate gainekoa dantzatuko dute herri osoan eta, urtero legez, errekara jauzia egingo dute
Eguaztenean ailegatuko da, hain zuzen ere, jaietako egunik berezienetakoa. Eguerditik gauera bitarteko ospakizuna izango da, protagonista argi bategaz: erreka. 12:00etan, ate gainekoa dantzatuko dute herriko txoko batetik bestera, fanfarrearen musikak giroturik. 17:30ean, aldiz, eatarrek errekara jauzia egingo dute, hondartzara arte dagoen tartea uretatik egiteko. Jaiei amaiera, azken urteotako ohiturari jarraituz, danbor hotsez egingo dute: Danbayan batukadako kideak izango dira horren arduradunak.
Perkusio hotsak lagunduta, errekako urez blai-blai eginda eta, batez ere, ospakizuna ondo zukututa emango diete agurra eatarrek urtero-urtero egutegian letra gorriz markatzen dituzten herriko jaiei.
EGITARAUA
Gaur
- 17:00: Ikurrinaren altxaera Kaiarrian, herriko jaiei hasiera ofiziala emateko.
- 20:00: Txirrist txarangaren emanaldia.
- 22:30: Kontzertuak: Eztandap taldea eta Altxa Porru erromeria.
Bihar, zapatua
- 15:00: Herritarren talde bazkaria.
- Ostean: Bazkalosteko bingo musikatua.
- 19:00: Gautegiz Arteagako koruaren emanaldia, San Juan elizan.
- 19:30: Bertso poteoa, tabernetan. Bertsolariak: Lilibertsoko Julen Ibarguengoitia eta Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarrak.
- 22:30: DJ Bull-en musika emanaldia.
Etzi, domeka
- 13:00: Kantu poteoa, txosnagunetik hasita.
- 19:30: Erdizka lauetan musika ibiltari emanaldia.
- 22:30: Su artifizialak eta San Joan sua, hondartzan.
Ekainak 24, astelehena
- 13:30: Hamaiketakoa, udaletxe azpian.
- 17:00: Hondarrezko gazteluen txapelketa, hondartzan.
- 19:00: Erraldoien kalejira, udalerriko kaleetan barrena.
Ekainak 25, martitzena
- 17:00: Umeentzako jolasak, frontoian.
- 19:00: Paco Sanchez disko festa.
Ekainak 26, eguaztena
- 12:00: Ate gainekoa, herriko kaleetan barrena.
- 13:00: Ardoa Barrura fanfarrearen emanaldia.
- 17:30: Danok errekara!
- 20:00: Danbayan batukadaren emanaldia.
- 00:00: Txosnagunearen itxiera eta herriko jaien amaiera ofiziala.