Guggenheim Urdaibairik gabeko eskualde "duina" aldarrikatu dute gazteek
Ernairen deiari erantzunez, hainbat lagun bildu ziren atzo Gernika-Lumoko kaleetan, Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka azaltzeko. Guggenheim bat eraikitzeak ez diela onik eragingo Busturialdeko lan baldintzei, euskarari, ekologiari eta kontsumo lokalari uste dute gazteek.
“Urdabai ez dago salgai” edo “Ez, ez ez, Guggenheimik ez” bezalako aldarrikapenak Gernika-Lumoko kaleetan barrena eroan zituzten herritarrek atzo (ekainak 20) iluntzean. Urtebete igaro da agintariek Guggenheim Urdaibai proiektua aurkeztu zutenetik, eta horren aurka egiteko zein eskualde “eredu duin bat” aldarrikatzeko mobilizazioa deitu zuten atzorako Busturialdeko Ernaiko kideek. Deialdiak erantzun zabala izan zuen, eta eskualde ereduaren eztabaida pil-pilean dagoela erakutsi zuten bizilagunek.
“Guggenheim Urdaibai proiektuaren iragarpenak eskualde ereduaren eztabaida pil-pilean jarri du, aurretik ere Gaztelugatxeri buruzko aferak eztabaida hori mahaigaineratuta eduki zuen arren”, esan zuten gazteek. Eta, gogoratu zuten, hauteskunde garaian, “kanpaina giroa baretzeko asmotan edo”, Iñigo Urkullu Lehendakari ohiak proeiktuari buruzko gogoeta aldi bat iragarri zuela, baina salatu zuten, emandako berbaren aurka, joan den astean, Dalia botatzen hasi zirela proiektua martxan jartzeko asmoz.
Ez da gazteak proeiktuaren aurka egiteko kalera atera diren lehenengo aldia; izan ere, urtebete da Guggenheimik ez zutela nahi esateko lehenengoz mobilizatu zirenetik. Eta, bide horretan, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak egindako lana eskertu zuten Ernaikoek: “Aldarri horregaz egindako lanketa guztia eskertzen diegu, baita urriaren 28rako (Astelehentxutxu) antolatutako mobilizazioa deitu izana zein eginiko aurrelanketa guztia egin izana ere”.
Busturialdean Guggenheimik ez dutela nahi esateko “hainbat arrazoi” dituztela azpimarratu zuten atzoko mobilizazioan, eta horietako hainbat aipatu zituzten, tartean diru publikoaren 130 milioi euroko gastua duen proiektua delako eta 25 espezie galzorian daudelako Urdaibain. Dena dela, eskualdeko arazoak ez direla horretan bakarrik geratzen nabarmendu zuten: %15,5eko langabezi tasa dago, %11,7ko beherakada industrian, bizilagunen %70 eskualdetik kanpo ari da lanean, pisu turistikoen hazkundea %33koa da, euskararen erabilera, berriz, %35ekoa, eta produktu lokalen kontsumoa %5 baino baxuagoa.
Ondorioz, esan zuten “argi” dutela Guggenheim bat eraikitzeak ez diela onik eragingo Busturialdeko lan baldintzei, euskarari, ekologiari eta kontsumo lokalari: “Are kalte handiagoa egingo die interes ekonomiko konkretu batzuk erantzutera doan makroproiektu horrek. Eta, azpimarratzekoa da, benetan arduratzekoa dela entitate pribatu baten interesak (Guggenheim Fundazioa) berton lan eta bizi garenon gainetik jarri izana EAJ-PNVk”.
Gazteek uste dute badela garaia aurretik aipatutako egiturazko arazo errealei “irtenbidea” emango dien plana eraikitzeko. “Inoiz publikoki adierazi izan dugun moduan, euskal kulturaren indartze lanak eta naturarekiko orekak erdigunean jartzen dituen eskualde eredu duin baten alde gaudenok gehienok gara Busturialdean”. Horregatik, ez direla “Guggenheimik ez” esatera mugatu behar adierazi zuten gazteek, Busturialde duin bat behar dutela baizik: “Argi eta garbi esan behar da Busturialde duin bat behar dugula, euskara zainduko duena, biosfera zainduko duena, eta gu herritarrok zainduko gaituena. Busturialdeko gazteak ez gara geldi egongo; ez dugu Guggenheimik behar, eskualde duina baizik”.
Zapaturako hitzordua jarri du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Gernika-Lumoko Batzarretxearen aurrean. Imanol Pradalesek Lehendakari kargua hartuko du bertan, eta Guggenheimik ez dutela nahi adierazteko elkarretaratzea egingo dute plataformakoek deituta Bizkaiko Batzar Nagusien eraikinaren aurrean, 10:30ean, “Urdaibai ez dutela salgai nahi argi uzteko”.