Errigoitiko historia eta kultura ondarea balioesteko pauso bat
Errigoitiko Udalak udalerriko historia eta kultura ondarea balioesteko plan bat egin gura du, baina aurretik, udalaz gaindiko erakunde arduradunen bisita bat jaso gura izan du, horiek ere udalerriko ondare historiko kulturala zuzenean ezagutu dezaten.
Errigoiti bisitatu du Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordea den Andoni Iturbek, eta Frank Zubiaga alkatearen eta Aida Landera kultura zinegotziagaz batera ezagutu ditu udalerriko ondare baliabide eta kultur instalazio nagusiak, “herriko ondare historiko baliotsuari balioa emateko estrategiaren baitan”.
Izan ere, udalak udalerriko historia eta kultura ondarea balioesteko eta zabaltzeko plan bat egin aurretik, udalaz gaindiko erakunde arduradunen bisita bat jaso gura izan du, Jaurlaritzakoek ere udalerriko ondare historiko kulturala zuzenean ezagutzeko.
Bisita Elexaldeko multzo historiko “eder” eta garrantzitsuan oinarritu da, batez ere udalerriaren jatorrian. Naturgune aparteko honetan honakoak batzen dira: Idibaltzagako Andra Mari eliza, tenpluaren hormari erantsitako auzo eskola (gaur egun, areto etnografikoa), San Antonio santutxoa, eta Gernikako Batzar Nagusietan parte hartu aurreko erabakiak hartzeko ordezkariak batzen ziren ehun urteko haritzak ere bai.
Errigoiti, gainera, kostaldeko Done Jakue Bidearen pasabidea ere bada, eta historia ezezagun bat gordetzen du. Hala, egungo gobernu taldeak historia hori berreskuratu gura du, herritarren artean eta turismo kultural jasangarriaren alde zabaltzeko.
“Busturialdeko herri txikia gara, eta ziurrenik gutxien ezagutzen denetako bat, eskualdeko komunikazio ardatz nagusietatik kanpo gaudelako; hala ere, Gernika-Lumotik gertu gaude, eta historia zein ondare garrantzitsua dugu, apurka-apurka berreskuratu eta balioa emango dioguna”, azaldu du alkateak. Izan ere, Errigoitiko auzo bakoitzeko herritar guztiek euren jatorria eta euren historia ezagutzea gura dute, jende asko “harrituko” duen historia daukalako.
Bisitaren ostean, Iturbek Errigoitiko elizateak eta uribilduak —Bizkaiko landa hiri-noble bakarrenetakoak— daukan garrantzi historikoa azpimarratu du. Zubiagak, berriz, eskerrak eman dizkio bere arretagatik, eta “oso positibotzat” jo ditu sailburuordearen ekarpenak: “Sailburuordearen bisitak gure helburua berretsi du. Bere ekarpenak oso aberasgarriak izan dira, eta erakundeen gainetik, bere hurbiltasuna eta adeitasuna eskatzen dizkiogu”.