Argazkiei erreparatuta, Portu Zaharraren bilakaera ezagutzeko bilduma
'Bermeo Portu Zaharra 1877-2024' erakusketa inauguratu dute gaur Arrantzaleen Museoan. Portu Zaharrak azken 150 urteetan izan duen bilakaera erakusten duen bilduma urtarrilaren 12ra arte ikusi ahalko da.
Bermeoko Portu Zaharrak azken 150 urteetan izan duen bilakaera erakusten duen Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketa inauguratu dute gaur (ekainak 21) Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Portu zaharraren historia eta bilakaera 34 iruditan batu ditu erakusketaren komisarioa den Iñaki Marcaidak; Aixa Gaztelu museoko zuzendariagaz batera eman ditu bildumaren zehaztapenak gaur.
XI. mendeko lehen erreferentzietatik, Bermeo estu-estu lotuta egon da bere portuarekin, eta, hasiera batean, Europako portu garrantzitsuekin izandako merkataritza handiagatik nabarmendu zen. Denboraren poderioz, baina, Gaztelako merkataritza Bilboko portura desbideratu zenetik bereziki, Bermeo garrantzi handiko arrantza portu bihurtu zen, batez ere XIX. eta XX. mendeetan.
Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketa Marcaidak 1965etik gaur egunera arte egindako lanaren emaitza da, komisarioak portuaren aldaketak eta jarduerak argazkietan jaso dituelako. “Duela bost urte amaitu genuen Bermeoko argazki zaharrak biltzen dituen liburu bat, eta horiek ikusterakoan ohartu ginen azken 100 urteetan Portu Zaharrak izan duen aldaketa handiaz”, azaldu du Marcaidak. Aldaketa horiek idatzi beharrean, historia hori argazkien bidez kontatzea erabaki zuen, argazkien bidez ikusteko edo begiekin erreparatzeko portuak izan duen aldaketari.
Portu Zaharra izan da Bermeoren ardatz ekonomikoa, eta inguruan itsasontziak ez ezik, ontziolak, itsasoko emakumeak eta gizonak, eta, oro har, komunitatea batu izan dira. Tokiko argazkilarien eta bisitarien kamerek 1877tik gaur egunera arte espazio horren eta bertako jendearen garapena jaso dute, eta portua kirol portu moderno bihurtu dela islatu dute, baita udalerriko gune neuralgiko ere. “1890-1900 urteetan Portu Zaharra herriko zentroa zen, baina portuan motordun barkuak sartzen hasi zirenean, horiek Artzako portura eroan zituzten, eta Portu Zaharrean motor txikikoak geratu ziren. 1980an, kirol portua egin zutenean, guztiz aldatu zen berriro portu ingurua, eta berriro ere Portu Zaharra bihurtu da zentro neuralgikoa”, azaldu du Marcaidak.
Historia hori guztia batzeko argazkiak biltzeko lana “neketsua” izan da. 1887tik 1965era arte bilduma partikularretatik, artxiboetatik eta beste iturri batzuetatik lortutako irudiak bilatu eta zaharberritu ditu teknika digitalen bidez, jatorrizko distirara itzultzeko. “Erakusketa hau egiteko hasierako arazoa argazkiak topatzea izan zen. Eta non topatu ditugu? Interneten, udaleko artxiboan, Bartzelonakoan, Madrilen… eta norbanakoek ere eman dituzte. Mariano Etxebarriarenak ere badaude. Bera izan zen 1905ean herriko lehenengo argazkilari estudioa izan zuena Goiko Plazan. Eta horrek portuko hainbat argazki izan zituen, baina desagertu egin ziren 1975 bueltan. Orduan, guk, familiagaz, 50-100 kristal berreskuratu genituen, eta horiek zaharberritu”, gogoratu du Marcaidak.
Hala ere, beste hainbat argazkilari esanguratsuren argazkiak ere ikus daitezke erakusketan: Enrique Ginearenak, Ojangurenenak, Hermanos Zubiaurrerenak, Luis el Farerorenak… 1965etik aurrera, berriz, Marcaida bera hasi nintzen argazkiak ateratzen, eta horiek era ikusgai daude. “Zenbait argazki apurtuta, horituta… egon dira, eta horiek zaharberritzea sekulako lana izan da. Argazki bakoitzeko lau ordutik 24 ordura arteko ebharra izan dut, hasieran zeukan esentzia mantendu ahal izateko”, aitortu du komisarioak.
Beste zereginetako bat argazki bakoitzari urtea jartzea izan dela dio Marcaidak. Onartu du 1960tik aurrerako argazkien urteak zehaztea “errazagoa” izan dela zaharragoak direnak identifikatzea baino. Aurreragokoak identifikatzeko, baina, Bermeoko leku esanguratsuen itxurari erreparatu behar izan die komisarioak, horien arabera urtea zehaztu ahal izateko: “Erreferentzi puntu horiek aurkitu eta identifikatu egin behar izan ditut: eraikinak, formak, etxebizitzen solairuak… asko izan dira ikusi behar izandakoak”.
Argazki bakoitzak bere historia dauka, eta hori kontatzeko hitzaldiak eskainiko dituzte, bakoitzean sakonduz. “Pertsonak igaro egiten dira, baina paisaiek jarraitu egiten dute”.
Kronologikoki antolatuta daude argazkiak erakusketan, irudi horiek portuaren garapen fisikoa dokumentatzeaz gain, bere komunitatearen esentzia eta bizitza ere jasotzen dutelako urteetan zehar. Ertzilla Dorrean dagoen Arrantzaleen Museoa Bermeoko ikono bat ere bada, duela 75 urte baino gehiagotik Bizkaiko itsas historia eta kultura zabaltzen aritu den museoa baita, Bermeori arreta berezia eskainiz. Hala, urtarrilaren 12ra arte, herriaren historiari balioa emateko erakusketa hartuko du museoak.
Erakusketa katalogoa.
Erakusketagaz batera, argazkiak bilatzeko, hautatzeko eta berreskuratzeko lan guztia batzen duen katalogoa era aurkeztu dute, Marcaidaren, Jesus Urkidiren eta Anton Erkorekaren lana jasoz. Katalogoak Texeira kosmografo portugaldarraren irudiak ere jasotzen ditu, hamarkada batez Iberiar Penintsulako kostaldea zeharkatu baitzuen, bere hiri eta herri guztietako plano “eder eta zahatzak” utziz; Bermeokoa 1630ean datatuta dago.
Argitalpenak Pareten margolanak ere batzen ditu, erbestean egon zen bitartean 1783an Bermeoko ikuspegia margotu zuelako errege gortetik. Horretan, zehatz-mehatz islatzen ditu Talaiako Santa Maria elizak koroatutako portu zaharreko eraikin guztiak, baita portuko arrantzaleak eta emakumeak ere, gorteko jantzi ederrekin irudikatuta.
XIX. mendearen bigarren erdian, ilustrazio interesgarri batzuk daude aldizkari eta liburuetan, 1877ko ‘Portu Txikiko’ lehen argazkira iritsi arte. 1890etik aurrera, argazki eta panoramika ugari daude, portuaren bilakaera jarraitzeko eta bertako kaietan eta arrantza jarduera guztietan garatu den bizimodua ezagutzeko baliagarriak direnak.
Liburu honetan argitaratutako 150 argazkiek aukera ematen dute, besteak beste, itsasontziek XX. mendean zehar izan duten bilakaera, gizon eta emakumeen lanak, jarduerak eta arropak, etxeetako aldaketak eta inguruko hirigintza jarraitzeko, Bermeoren iraganera hurbilduz.