San Martin auzoko jaiak berreskuratuko dituzte
San Martin auzoko jaiak azaroan itzuliko diren arren, auzoko bizilagunak jaien berreskuraketa zabaltzeko eta dirua lortzeko ekimen ezberdinak egiten ari dira; esaterako, Pedro Laspiurren margolan bat zozkatu dute.
Bermeoko San Martineko bizilagunak auzoko jaiak berreskuratzeko lanetan ari dira. Azken urteetan auzoan “lehengo auzo giroa” falta denaz ohartuta, duela bi urte inguru hasi ziren jaien itzulera hipotetiko batean pentsatzen: “Tabernetan giro ona egoten da, baina auzo giroa falta da, eta berreskuratu egin behar genuela pentsatu dugu”. Herritarrak elkar ezagutzea nahi dute, inguruko bizilagunak “izen-abizenetik ezagutzea”, eta horretarako modu onena San Martin jaiak antolatzeko lantalde bat sortzea zela otu zitzaien.
Jaiak antolatzeko borondatea bazuten ere, auzotarrek ez zuten jarraitu beharreko prozeduraren berri, eta udalaren aldetik izan duten laguntza eskertu dute: “Ez genikien nora jo, eta Kultura Sailagaz harremanetan jartzeko esan ziguten. Kulturakoek oso ondo erantzun zuten, eta eman beharreko pausoak zeintzuk diren azaldu zizkiguten, adibidez, elkarte bat sortzea”. Pauso guztiak bete ostean, Bermeoko Jai Batzordean sartu dira, eta dagoeneko udalean aurkeztu dute jaietako proiektua: “Harrera oso ona izan du gure proposamenak”.
Jaietako egitaraua prestatuta dituzte, eta zenbateko diru-laguntza izango duten ezagutzearen zain daude. Bitartea baina, proiektua herritarrei aurkezteko ekimen ezberdinenak gauzatzen hasi dira: “Auzoko batzuk dagoeneko ezagutzen dute, baina beste batzuk ez, eta horiek ere ekarpena egiteko prest egon dira”. Izan ere, egitaraua udalari aldez aurretik bidali behar izan diote, baina antolatzaileak ordainketa batzuei aurre egiten hasi behar dute. Bi helburuak batzeko, hau da, ideia zabaldu eta “finantzaketarako dirua” lortzen hasteko, zozketa bat egitea pentsatu zuten.
Elkarteko kideek Arrain Azokan jende asko pilatu zela baliatu zuten ahalik eta txartel gehien saltzeko, eta bermeotarrek “oso ondo” erantzun dutela nabarmendu dute: “Tiketen bitartez jaiak berreskuratuko ditugula kontatzen aritu gara, billeten dirua zertara bideratuko den azaltzen genien, horretarako propio egin genituen pegatinak jartzen genizkien… harrera ona izan du”. Lehenengo zozketa horretan Pedro Laspiurrek San Martin jaiak iragartzeko propio egindako lan bat zozkatu dute, eta elkartetik margolari bermeotarrari “eskerrik beroenak” eman dizkiote: “San Martinekoa da, eta berak esan zigun laguntzea gustatuko litzaiokela, eta bere proposamena izan zen koadro bat egin eta zozketa egitea. Ez geneukan hori egitea pentsatuta, baina egia esan oso ondo etorri zaigu dirua atera eta jendeak ez ahazteko San Martin jaiak egingo direla”.
Itzulera, azaroan.
Azaldu dutenez, herritarrak “pozik” agertu dira San Martinen azaroaren 15, 16 eta 17an ospatuko diren “lehenego jaien itzuleragaz”. Izan ere, “hogei urtetik gora” igaro dira azkenekoz ospatu zituztenetik. Gainera, ordukoak “jai inportanteak” zirela azpimarratu dute, egitarau zabala baitzuten: “Txosnak, kontzertuak, San Marton lasterketa… bide horretan gaude lanean”. Egitaraua sekretua bada ere, San Marton lasterketa aurten ere egingo dela aurreratu dute.