Herri kirolak, herrigintzaren betaurrekoetatik
Sustabiz Fundazioaren Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Parte hartzaileak Busturiko Axpe auzora iritsiko dira. Zapatuan [ekainak 22], herri kirolez eta denetariko eskaintzaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek.
Herri kirolak, euskal pilota eta arrauna herrigintzatik bultzatzen dituen Sustabiz Fundazioak Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen Jardunaldi Parte hartzaileak izeneko herri kirol topaketa antolatu du zapaturako [ekainak 22], Busturiko Axpe auzoan. Herri kirol tradizionalak izango dira 10:00etan abiatuko duten ekimenaren ardatz nagusia. Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko pilotarien partiduekin ekingo diote egitarauari, eta 11:30ean hasiko da herri kirolen saioa.
6 eta 14 urte bitarteko egitasmoa izango da, eta hainbat alor probatu ahalko dituzte: harri jasotzea, trontza, ingude jasotzea edota arraun punta. Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, programan parte hartzen dutenen adinera eta kirol motara egokitutako material nahiz araudi espezifikoak baliatuko dituzte. Ez hori bakarrik: Oinatz Bengoetxea (Bengoetxea VI.a) pilotari profesional ohiagaz frontoian aritzeko aukera edukiko dute; Nafarroako Lau t’erdiko txapel bi eta Eskuz Banakako Masters bat irabazitako leitzarrak esku pilota praktikatzeko argibideak eta teknikak irakatsiko dizkie animatzen direnei. Horrez gain, parte hartzaileek aizkoragaz duten trebetasuna aztertzeko aukera paregabea ere edukiko dute; Irati Astondoa herri kirolari zeanuritarrak, 2020ko Urrezko Aizkolarien Banakako Txapeldunak, jakin beharreko guztiak argituko dizkie partaideei. Bestalde, topaketak aurrera egin ahala, zozketak egingo dituztela iragarri dute, “bai parte hartzaileentzat, bai familientzat” izango direnak. Gainera, Urdaibaiko Esentziak-ek mokadua emango du, 11:30ean.
12:30ean, Sustabiz Fundazioko harri jasotzaileek erakustaldia egingo dute
Tokiko partaidetza.
12:30ean, harri jasotzaileen txanda ailegatuko da; Zihara Zabala foruarra, Ane Atxutegi usansolotarra, Leire Astoreka eta Iñaki Rafael gernika-lumotarrak eta etxeko kirolari Engels Bello busturiarra ariko dira bertan. Sustabiz Fundazioaren zuzendari Joseba Etxeberriaren hitzetan, eskualdeko herrietan zein pilotalekuetan herri kirolak ikusaraztea “funtsezkoa” da, zaletasuna sortze aldera: “Udalen laguntza behar dugu, herri kirolak bertoko kirol kultura tradizionalaren parte izaten jarraitzeko eta herrietako jaien programazioetan txertatzeko. Horretarako, erabakigarria da lankidetza bultzatzea“.
Joseba Etxeberria: “Gure proiekturen noranzkoa kirol arlo autoktonoek bizirautea eta belaunaldi berriei transmititzea da”
Era berean, Etxeberriak adierazi du eskualdean “geroz eta familia gehiago” hurreratzen direla jardunaldi parte hartzaileetara, eta “helburuak betetzen” ari direla: “Gure proiekturen noranzkoa kirol arlo autoktonoek bizirautea eta belaunaldi berriei transmititzea da; alde horretatik, izugarri gustatuko litzaiguke Busturian neska-mutilak erta beraien familiak geure kirol tradizionalez gozatzen eta ikasten ikustea”.