Senegaldarrentzako eguzkitako betaurrekoen bilketa hasi dute
Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak eta San Isidro kooperatibak Senegalera bidaltzeko eguzkitako betaurrekoak bilduko dituzte ekainaren 17tik 28ra bitartean. Trakoma begi gaixotasuna ekiditzeko behar dira betaurrekoak.
Begien infekzio bat da Trakoma. Ondo tratatu ezean, itsutasuna eragin dezake, eta batez ere afrikarrek pairatzen duten gaixotasun bat da. Euleuk elkarteak ondo baino hobeto ezagutzen du gaixotasun horrek dakartzan ondorioak, izan ere, Senegalen duten proiektuan hurbileko hainbat kasu ezagutu dituzte.
“Zoritxarrez, kornea- ultzerak eta begietako afekzio oso larriak eta itzulezinak dituzten haurrak daude”, azaldu dute Eulekekoek. Horregatik, oftalmologia eta optika munduko profesionalekin lan egin ostean, eguzkitako gafen bilketa antolatzea erabaki dute. Horretarako, Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak eguzkitako betaurrekoak bilduko ditu ekainaren 17tik 28ra bitartean, Santa Luzia eskolan. Beraiez gain, San Isidro kooperatibak ere batuko ditu betaurrekoak.
Senegalen bizi duten egoera dela eta, bertako biztanleek ezin dute begi azterketarik egin, eta ondorioz, herrialde garatu batean betaurrekoak erosita konpontzen den arazoa, konponbiderik ez duen gaixotasun batean bihurtzen da.
“Momentuz gauza gehiagorik ezin dutenez egin, Euleukek oso beharrezkoa ikusten du kanpaina hau; batez ere, umeentzat eta helduentzat eguzkiko betaurrekoak behar dira. Bestelako betaurrekoak ere beharrezkoak diren arren, begietako azterketarik gabe ezin daitezke graduazio duten betaurrekoak jarri. Eguzkiko betaurrekoekin eguzkitik babesteaz gain, hondarra begietara sartzea saihestuko dute”, azaldu dute auzo kultur elkartekoek.