Oasi jasangarria Senegalen
Warang herriko (Mbour, Senegal) herritarrengan eragin positibo eta iraunkorra sortzeko Ecolodge Euleuk eraikuntza proiektua abiatu du Euleuk Elkarteak. Crowdfunding kanpaina bat abiarazi dute, gune jasangarri hori gauzatzeko helburuagaz
Bizitzak aldatzeko aukera da Euleuk Elkartearen Ecolodge proiektua. Senegalen oasi bat eraikitzeko aukera. Eta helburu horren alde lan egingo dute elkarteko kideek. 2019az geroztik, hainbat proiektu eroan dituzte aurrera Senegalen, hango lankideen laguntzagaz. Baina orain, hastapenetatik lantzen aritu direna aurkeztu dute: Warang herrirako (Mbour, Senegal) Ecolodge Euleuk eraikuntza proiektua. Egitasmo horrekin bertakoen bizitzak alda daitezkeela sinistuta, crowdfunding kanpaina bat abiarazi dute, gune jasangarri hori gauzatzeko helburuagaz. Hala, 22.000 euro biltzeko erronka ezarri dute.
Komunitate behartsuen garapen jasangarriarekin eta ongizateagaz konprometitutako elkartea da Euleuk, eta, ondorioz, ingurumenarekin harmonian eraikitako zentroa izango da ecolodge hori, bidaiarientzako zein boluntarioentzako ostatu gune modura erabili ahalko dena, baina baita tokiko komunitatearentzako prestakuntza zentro modura ere; izan ere, ostalaritzan, nekazaritza iraunkorretan eta beste trebetasun garrantzitsu batzuetan gaitzeko programaren bidez, tokiko hazkunde pertsonal eta ekonomikorako aukerak eskainiko dituen gunea ere izango dela adierazi dute. “Ecolodgea ez da bakarrik ostatu hartzeko lekua izango, baizik eta konprometitutako boluntario eta bidaiariei benetako esperientzia eskainiko dien etxe jasangarri eta abegikorra ere izango da”.
Proposatutako ecolodgea ez da soilik ostatu leku bat izango, bizitzak eta komunitateak eraldatzera bideratutako alderdi anitzeko eraikin bat baizik. Eta jasangarritasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren printzipioetan diseinatutako proiektu honek balioko du diru sarrera errepikarien iturri modura, baita garapen profesionalerako prestakuntza espazio eta tokiko enplegu sortzaile modura ere.
Zehaztu dutenez, zentro hau elkarteak martxan dituen beste proiektu batzuentzako diru iturri ere izatea nahi dute.
Asmoak.
Ecolodgeak sortutako diru sarrerak lehendik dauden proiektu komunitarioak finantzatzeko erabiliko ditu Euleukek, hala nola osasun zentro bat, eskola bat eta umezurztegi bat bultzatzeko, horien jarraitutasuna eta hazkundea ziurtatuz.
Gaur gaurkoz, zero eta hiru urte bitarteko umeekin lan egiten dute umezurztegian, bertako umeak zaintzen, eurekin egoten, maitasuna ematen edota psikomotrizitatea lantzen. Eskola pare bat ere badituzte martxan, eta beste herri bateko hirugarren batek ere laguntza eskatu die, beraz, horiekin ere lanean hasiko dira Euleukekoak.
Osasun arazoekin ere laguntzen dute, bai umezurztegian, bai eraiki duten mediku zentroran: “Lau urtez egon dira mediku barik herrian, han zegoena hil egin zen eta. Hala, arazo larriak aurkitu ditugu: glaukoma, azaleko infekzioak, diabetesa, bularreko minbizia… Ondorioz, medikuak edo erizainak laguntzera joan direnean, euren zerbitzua eskaini dute, baina gure asmoa da, formakuntzen bitartez, bertako jendea heztea, eta gu ez gaudenean ere, gutxieneko zerbitzu batzuk egin ahal izatea, tentsioa hartuz edota zauriak sendatuz, esaterako”.
Hala, ecolodgea garapen profesionalerako prestakuntza espazioa ere izatea gura dute. Ze, tokiko komunitateko kideentzako lanbide heziketako programak eskaini gura dituzte, haien enplegagarritasuna eta bizi kalitatea hobetuko duten trebetasunak eta ezagutzak eskuratzeko aukera emanez, “eta lan aukeren bila emigratzeko beharra murriztuz”. Hezkuntza falta da arazo larriena bertan, Euleukekoen berbetan: “Osasunari buruzko formakuntzek, esaterako, gaixotasun arazoak gutxituko lituzkete. Beti egongo dira gaixotasunak, guk ere baditugun modura, baina horietako asko ekidin daitezke formakuntza baten bidez. Horregatik gure lehentasuna da aukera hori eskaintzea, prebentzio lan ona egin ahal izateko”.
Horrez gain, eraikuntzak komunitatean pentsatutako espazio bat ere edukiko du, bai lokalentzako lanbide heziketako ikastaroak emateko, bai komunitatearen bileretarako, bai langileen seme-alabentzako gune modura. Ziurtatu dute, gainera, Ecolodge Euleuk zentroak komunitateak bakarrik erabiltzeko espazio bat ere gordeko duela.
Horrez gain, eraikuntzak komunitatean enplegu aukera duinak eta ondo ordainduak sortzea nahi dute, lanpostu zuzenetatik hasi eta zeharkakoetaraino, tokiko garapen ekonomikoari eta biztanleen ahalduntzeari lagunduz. “Zuzenekoak zein zeharkako lanak bultzatu gura ditugu, emigrazioa geldiarazten lagunduz eta lan baldintza hobeak eskainiz”, azaldu dute elkartekoek. Euren kalkuluen arabera, ecolodgeak bost-hamar pertsona artean enplegatzeko aukera eskainiko du, eta horietako batzuei familiarekin bertan bizitzeko aukera eskaini ahalko die. “Alde batetik, enplegua sortuko luke eraikina eraikitzeko, bera mantentzeko (garbitasuna, sukaldariak…), edota zerbitzu emateko. Eta, beste alde batetik, herriko ekonomia ere bultzatuko luke; ze, jendea herrira bertaratzen bada, herriko komertzioak erabili beharko dituzte”, azaldu dute.
Laguntzeko erak.
22.000 euro lortzea jarri dute helburu, eta hori egiteko aukera desberdinak jarri dituzte martxan. Diru ekarpenak eginda lagundu ahalko dute gura dutenek, baina kanpaina sare sozialetan zabalduz edo lagunen artean partekatuz ere lagundu daitekeela adierazi dute: “Ekarpen bakoitzak Senegalen egoera ahulean dauden komunitateen bizitzan aldea markatzen du”.
Aurtengo helburua ecolodgea eraikitzeko lurra erostea da. “22.000 euro horien baitan, lursail bat erosteko kostua sartzen da, baita hori egin ahal izateko baimenak eskatzeko eta horiek ordaintzeko kostua ere. Gehiago beharko genuke martxan jartzeko, baina hortik hastea erabaki dugu. Hobeto da apurka-apurka hastea”, azaldu dute elkartekoek. Beraz, abendura bitartean, diru kantitate nahikoa lortuz gero, lurra erosteko izapideak hastea aurreikusi dute. “Lurra lortzea, eskriturak egitea eta lurra geureganatzea da aurtengo asmoa”.
Euleuk Elkarteak Senegalen abiatu duen proiektua jendaurrean ere aurkeztu gura du, eta horretarako hitzordua jarri dute gaurko: 18:30ean, Muxikako Zubieta Errotan eskainiko dute hitzaldia. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete.