Herriko harreman sareak sendotu nahi dituzte euskararen bitartez
II. Herri Arteko Mendi Ibilbidea antolatu du astebururako Artiako Gazte Asanbladiek. Eara iritsiko dira oinez, eta Natxitxuko frontoian pasatuko dute gaua.
Herriko harreman sareak errotu eta euskara sustatzeko asmoarekin antolatu du II. Herri Arteko Mendi Ibilaldia Artiako Gazte Asanbladiek. Zapatuan aterako dira herriko plazatik, eta Eara arteko ibilbidea osatuko dute; gaua Natxitxuko frontoian pasatuko dute. Izen ematea Artea eta Egala tabernetan egin ahal da, 10 euroren truke.
09:30ean jarri dute hitzordua plazan, eta bertan izango dute auto bat zain. Motxila, lo zakua eta bazkaria kotxean utzi eta Eararteko oinezko ibilbidea hasiko dute. Helmugara helduta, asanbladatik jolasak eta aisialdi ekintza desberdinak prestatu dituzte; denbora librerako tartea ere izango dute.
Gainera, Eako jaiak direla aprobetxatuta, bertako eskaintza kulturalaz ere baliatu dira gazteak. Bertso saioaz eta kontzertuez gozatzeko asmoa dutela aitortu dute.
Domekan bueltatuko dira euren udalerrira, eta bakoitzak bere etxean indarrak hartu ostean, San Juan sua elkarrekin ikusteko asmoa dutela jakinarazi dute.
Orain arte herritarrentzako ekimen kulturalak antolatu badituzte ere, gazte asanblada bat diren heinean, gazteentzako euskaran oinarritutako aisialdi eskaintza prestatzea erabaki dute, bigarrenez. Ekimen hauen bitartez herriko belaunaldi desberdinen arteko harremanak sendotzea bilatzen dute, eta herriko gazteak asanbladaren parte izatera gonbidatu nahi dituzte.