203 odol emate zenbatu dituzte ekainean, Gernika-Lumon
203 odol emateetatik 65 emaile berrienak direla jakinarazi dute; hori horrela, hilabete honetan 2023 guztian egondako odol emate berriak bikoiztu direla jakinarazi dute Odolkideek. Elkartekoek elkartasun olatua eskertu eta odola ematera joateko garrantzia azpimarratu dute.
Ekaina “aparteko hilabetea” izan da odola emateko Gernika-Lumoko ordezkaritzan. Odola emateko ohikoak diren hiru egunetako (ekainak 3, 8 eta 10) eta aparteko beste bietako odol emateak zenbatuta (ekainak 14 eta 15), guztira 203 odol emate zenbatu dituzte autobusean, gaixorik dagoen Busturialdeko gazte bati laguntzeko Gernika Rugby Taldeak egindako eskaerari erantzunez. Elkartasunezko deiari, elkartasunezko olatuagaz erantzun diote herritarrek. Izan ere, normalean, hilero 70-80 emate inguru —72koa da urtarriletik ekainera arteko bataz bestekoa— izan ohi dira, eta kopuru hori ia hirukoiztu egin dute oraingoan.
203 odol emateetatik 65 emaile berrienak direla jakinarazi dute; hori horrela, hilabete honetan 2023 guztian egondako odol emate berriak bikoiztu dira. “Odol emate asko dira, eta emaile berri asko ere bai, hain beharrezkoak direnak emaileen multzoaren berrikuntzarako”, esan dute Odolkideak Gernikaldeko Odol emaileen elkartekoek. Gainera, 203 emaileen artean 106 emakumezkoak izan direla adierazi dute, erdia baino gehiago, ohikoa dena baino askoz gehiago.
“Argi dago oraingo erantzunak jende askoren konpromisoa erakusten duela, baina batez ere hamazortzi eta hemeretzi urtekoen lehenengo aldia azpimarratu gura dugu”, adierazi dute elkartekoek, hilabete honetan izandako elkartasuna nabarmenduz. Hain zuzen ere, elkartekoek jakinarazi dute 235 pertsona igo direla autobusera hilabete honetan, baina arrazoi desberdinengatik, horietako 32k ezin izan dutela odola eman. Hala, emaile berri horiek eta beste guztiak hiru eta lau hilabete barru ostera ere odola ematera joatea gura dute Odolkideek, garrantzitsua delako elkartasunezko ekintza horri urte guztian eustea. Horrela diote: “Odol emateak bizitzak salbatzeko balio du. Ekintza altruista eta boluntarioa da, gizarte guztiaren on beharrean egiten dena”.
Ondorioz, gogoratu dute odola emateko egunak hileroko lehen eta bigarren astelehenetan izaten direla. Hurrrengoak uztailaren 1ean eta 8an izango dira, 09:15etik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara arteko ordutegian.
Odolkideek ekainean sortutako elkartasunezko olatua eskertu dute, eta bitxia bada ere, Mundu Mailako Odol emailearen egunagaz (ekainak 14) batera jazo dela gogoratu dute. Transfusio Euskal Zentroak eta Euskadiko Odol Emaileak erakundeak egindako antolakuntza lana ere eskertu dute: “Esfortzua egin dute horren denbora laburrean odola emateko aparteko egun bi bideratzeko. Gernikatik, bene-benetan eskertzen dugu”.