Sendo, ikusgarri eta egutegian tokia eginda
Inoizko txirrindulari gehien erakarri ditu XIV. Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistak. Egitaraua "arazo barik" eginda, Busturialdeko zikloturista martxa nagusiaren "balorazio oso positiboa" egin dute Aixerrotape Zikloturista Elkarteko antolatzaileek.
Ia 1.000 laguneko tropela. Egunero ikusten ez den zerbait. Laranja koloreko sugeak hartu zituen iragan zapatuan [ekainak 15] eskualdeko errepideak. Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistaren XIV. aldiak orain arteko jarraipenik esanguratsuena eduki du. Aixerrotape Zikloturista Elkarteko antolakuntzak aurtengo ekitaldia “inoizkorik jendetsuena eta politenetakoa” izan dela nabarmendu du. Urtez urte martxa “hazten” ari dela azpimarratuta, antolatzaileek emakumezkoen parte hartzearen gorakadari keinu egin gura izan diote: “Geure jomuga handienetako bat emakumezko ziklismoa sustatzea da; zentzu horretan, 200 lagun inguru bertaratu dira aurten, badago pozteko arrazoirik”.
Ibilbide ertainak hartu zituen txirrindulari gehien
Egonkortuta dago martxa eta bere inguruko egitaraua. Horren adierazle da hiru ibilbideetan (Iraupen Labur, Ertain eta Luzekoa) partaide asko egotea. Aurten, beste behin, ibilbide ertainak erakarri ditu parte hartzaile gehien, baina, edozelan ere, proba guztietako irteera lerroetan “hainbat zikloturista” elkartu dira: “Ekimen honek profil guztietako zaleentzako aukerak ematea bilatzen du, eta hiru ibilbideak horren erakusle dira; denentzako plaza da Oiz Erronka, zikloturisten urteroko egutegian bere tokitxoa edukitzea lortu duena”. Antolatzaileen helburu nagusienetako bat leku guztietako parte hartzaileak erakartzea izanik, aurtengoan goia jo dute: “Herriko edota inguruko txirrindulariez gain, Euskal Herri osotik eta beste herrialde batzuetatik etorritakoak ere animatu zaizkigu; Herrialde Katalanetatik jende nahikotxo etorri da; horrez gain, aurten Madril ingurutik ia 100 laguneko tropela hurreratu da, eta datozen urteetan ere bueltatzeko prestutasuna erakutsi digute”.
98 ziklista iritsi ziren Oiz mendiaren gailurrera, horietako lau emakumezkoak
Lehiaketa ez da martxaren muina. “Oso argi” eduki beharreko zer edo zer da antolatzaileentzat: “Erlojupeko tarteetan gorputza estutzeko tartea dago, baina, osterantzean, argitu behar da proba hau ez dela lasterketa lehiakorra. Kirolaz, bertoko inguruneez eta giroaz gozatzeko agertokia da, funtsean”. Hori bai, aurten ere, 98 txirrindulari ausartu dira Oizko malda gogorrei aurre egitera. Martxaren izenak dioen legez, “erronka handia” izan da mendi horretako aldapei aurpegia erakustea, zikloturistek martxa luzeko edota ertaineko kilometroak hanketan zituztela abiatu baitzuten azken igoera. Eskualdeko mendi nagusira igoera egin zuten haietatik lau izan ziren emakumezkoak; bizkorrena Josune Berho Goñi lekaroztarra izan zen, 59.15eko denboragaz. Gizonezkoen artean, Iban Uberuaga Natxiondo munitibartarrak 32.51ko denboragaz burutu zituen lanak. Gailurrera iritsi zirenek, beheranzkoan, San Kristobal baselizan geldialditxoa egiteko aukera eduki zuten: urtero legez, urdai ogitartekoa kozinatu zuten bertan.
Oizkoaz gain, Bizkaiko Begiratokiaren tontorrean ere erlojupeko beste tarte bat amaitu zen. Bigarren horretan, 11.56ko denbora egin ostean, Alvaro Guillorme Hernandez izan zen gizonezkorik bizkorrena. Emakumezkoei dagokienez, 61 iritsi ziren mendate gainera, eta arinen igo zuena, 16.04ko denbora eginik, Irune Ibarretxe Garcia arabarra izan zen.
“1.100-1.200 parte hartzaile inguruko martxa izatera heldu gura dugu, baina ez hori baino gehiago”
Egonkortuta.
Martxaren bezperan [ekainak 14] nahiz egunean bertan, Domingo Alegria plazak Oiz Erronka Hiria izeneko gunea hartu zuen. Antolatzaile, babesle, parte hartzaile eta herritarren arteko elkargune hori, beste behin, “oso arrakastatsua” izan zela adierazi dute: Aurten, gainera, Rural Kutxak bizikleta solidarioa egitasmoa ekarri du gunera; bertan, herritarrek bizikletan ibiliz Helmugak proiektuarentzako kilometro solidarioak egin ahal izan zituzten. Guztira, 2.000 euro inguru bildu ziren, egitasmo horretarako”. Hurrengo urteei begira, lortutakoa mantentzea eta “apur bat” haztea aurreikusten dute: “1.100-1.200 parte hartzaileko martxa izatera iritsi gura dugu, baina hortik gorako kopuruek saturazioa sortuko lukete eta, beraz, zifra horietan mugitu gura genuke”.